"Azken asteetako bilakaera ikusita, iritsi da esperotako erabakia," adierazi dute Lasarte-Oriako Eskola kiroleko arduradunek. Martxoaren 12an Lasarte-Oriako Eskola Kirolaren etetea jakitera eman zen eta bi hilabetez zain egon ostean, kirol jardueraren ikasturtea amaitutzat emateko erabakia jakitera eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ez ordea, egitasmoko arduradunek nahiko luketen moduan, "Ez da izan urtea amaitzeko modu onena eta aurreikusitako jarduera asko ezin izan ditugu egin, baina segurtasun neurriek hala agintzen dute".
Zalantzak eta izena emateak
Hurrengo ikasturteari begira, ezjakintasuna handia dela nabarmentzen dute Eskola Kiroleko arduradunek eta gainera, oraindik egitasmoa egitea posible izango den ziurra ez dela ere nabarmendu dute. "Foru Aldundia aztertzen ari da zer eta nola egin ahal izango den eta gu, gure aldetik ere aztertzen gabiltza". Izan ere, segurtasun neurriak jarraitu nahi baitituzte, haur eta gaztetxoen osasuna bermatzeko.
Hala ere, 2020-2021 ikasturtean Lasarte-Orian Eskola Kirola jarduera aurrera eramateko lanean hasi dira. "Ez dakigu posible izango den datorren urtean Eskola Kirola egitea, baina guk izen ematea aurrera eramango dugu, hau modu egokian antolatzen hasi ahal izateko".
Horregatik, egitasmoko arduradunek, iaz bezala, ekainean izen-emateak online egingo direla aurreratu dute. Izena ematearen nondik norakoak ikastetxeetako Guraso Elkarteek eskainiko dituzte datozen asteetan. "Guraso Elkarteak jarriko dira harremanetan gurasoekin izena ematea nola egingo den azalduz".
Horrez gain, 2019-2020 ikasturtean aurrera eraman ezin izan diren hilabeengatik, Guraso Elkarteak diru kopuru bat itzultzea aztertzen ari direla ere jakitera eman du Eskola Kirola egitasmoak. "Haiek jarriko dira harremanetan gurasoekin eta esango diete zein izango den erabakia eta nola eramango den aurrera".