*Def.: Normaltasun Berrirako Irizpideen Araudia-. 
Adb.: Arauak ongi betetzeko, nobia irakurri dut haurrarekin kalera irten aurretik / Badakit goiko bizilagunak ez duela nobia errespetatzen neska berri batekin sartu delako etxean. / Nobia aplikatuta kanporatu dute Marokora portala garbitzen zigun andrea.

0 Faserako araubide berriak jarri dituzte martxan instituzioek, heldu zaigu eskutitza etxera. Normaltasun berria heltzear da, eta komeni da hiritar guztiok* jarraibide batzuk segitzea. Diotenez arriskua dago pandemia itzuli dadin. Balkoietako polizien lanari esker osatu dituzte zerrenda beltzak. Ez dut nahi lasarteoriatarrik arrisku horretan. Baina garrantzitsuagoa dena: ez dut beste bi hilabetez etxean gelditu nahi –ados; telebistarekin eta Internetarekin, goxatzen nauen pisukidearekin, balkoi handi xamarrarekin eta lanarekin. Baina uda dator eta presa dut hondartza zapaltzeko–. Ez zaizue zuei NOBIA heldu etxera? Lasai, lau puntutan laburtuko dizuet:

1.-Familia unitate* bereko helduak irten daitezke binaka kalera. Kontuan hartuta goiz eta gau partean izan ezik, gainontzekoan adinekoak eta haurrak irten daitezkeela, pentsatzekoa da familia unitate berdineko pare hori bikotea dela, eta, ziurrenera, monogamoa.

1.1-Dagoeneko ikusi dira salbuespenak. Klandestinitatearen mugan daude azken bi hilabetetan ikusi ez diren bikote heteroen kasuak. Orden sozialak ez ikusiarena egiten du, beraz, talde horretakoa bazara lasai egon zaitezke. 

2.-Telelana egin ezin badezakezue, joan zaitezkete lantokira, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. Horretarako laneko justifikantea ala Eusko Jaurlaritzaren baimena beharko da oraindik. Horrek esan nahi du derrigorrean izan behar duzula kontratua, eta pentsa liteke beltzean ordaindutako lanak bertan behera gelditu direla. Alegia: langabeziaren datuak uste baino altuagoak dira, eta paperak legezko ez dituztenek nekez mantenduko dute lana.

3.-Adinekoek beren odol-familiarekin izan dezakete kontaktua soilik. Edo, askora jota, haiek zaintzen dituzten jatorri zehaztugabeko andreekin. Horrek esan nahi du orain arte kobratu gabe egon diren andre horiek kolpean itzuli behar izan dutela 24/7 lanaldira. Alegia, inork ez ditu zaintzaile horiek ikusi kalean, eta inork ez ditu ikusiko. Bestalde, horrek esan nahi du alargunen kuadrillak desegin direla.

4.- Datorren astelehenean hasiko den 1 faserako baimendu dituzte etxeetako bilguneak. Askora jota, 10 lagun. Beraz:
    1.-Etxe bat eduki behar duzu.
    2.- Emanzipatuta egon behar zara kuadrillakoak gonbidatzeko.
   3.- Ezin dira 10 pertsona elkartu Xirimirin, esate baterako, lokala husteko edo Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren exekuzioari aurre nola egin erabakitzeko —ezta Elebeltzen edo gune okupatu batean ere—.
   4- Hilaren 23an amaituko da Ramadam-a. Ezingo da ohiturazkoa den jai oparo eta lagunartekorik egin.

NOBIA betetzen duenetarikoa bazara, zortekoa zu. Diote gizakikok erresilentziarako gaitasun handia dugula, eta ziur berehala ohitzen zarela normaltasun berrira. Ez bazara, asko sentitzen dut: klandestino izaten segituko duzu, eta zerrenda beltzean.