Astelehen goizean aurkeztu dute egitasmoa, Mirentxun. Bertan bildu dira Lasarte-Oriako udaleko alkate Agustin Valdivia, eta sozio-ekonomia arloko Nuria Fernanez, Oier Aranzabal Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariordea, eta Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prieto, besteak beste.
Azken hori izan da hitza hartzen lehena, eta azaldu du Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera aurrera eramandako egitasmoarekin herriko komertzioetan "modu seguruagoan" lan egin ahal izango dutela. Eskerrak eman dizkio baita ere Lasarte-Oriako Udalari, eta jakinarazi du, datozen egunetan banatuko dituztela herriko merkataritza, negozio eta zerbitzuetan; 478 babes-maskara egin ditu Zubietako ikastetxeak herriko komertzioetan banatzeko.
Sozio-ekonomia arloko Nuria Fernandezek hitz egin du gero. Eskertu egin du Usurbilgo Lanbide Eskolaren laguntza eta lana, eta jakinarazi komertzio, negozio edota zerbitzu bakoitzean babes-maskara bana banatuko dutela. Azpimarratu du, egitasmo horren bitartez komertzioetako arduradunen osasuna babesteaz gain, bezeroen segurtasuna ere bermatu nahi dutela, eta Agustin Valdiviak ere hitz horiek berretsi ditu. "Bezeroen eta negozioen jabeen arteko konfiantza bermatu nahi dugu".
Horrekin batera, herriko entitate ezberdinen arteko elkarlana jarri du balioan: "Horrelako egitasmoekin denon onurarako gauzak sortzen dira, eta inguruan ditugun baliabideak erabili behar ditugu horrelako egitasmoak aurrera eramateko".
Aurkezpen ekitaldia amaitu aurretik, Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariorde Oier Aranzabalek ere hartu du hitza, eta azaldu du osasun larrialdia deitu eta berehala hasi zirela maskarak egiteko lanekin: "Makers Covid-19 izeneko egitasmo bat abiatu zen, eta lanbide heziketako ikastetxe ezberdinen eta Euskadiko Lanbide Heziketak ikerketa zentroa den Tknikaren artean aritu gara babes-maskarak egiten". Hilabete hauetan zehar 30.000 baino gehiago egin dituztela jakinarazi du, eta horiek guztiak zaharren egoitzetan, ospitaletan, anbulatorioetan, anbulantzietan eta azkenik gizartean banatu dituztela. Lasarte-Oriarako egin dituzten 478 horiekin amaituko dute orain arteko jarduna.