Hiru baieztapen berri azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 10a, 13:32

Hirugarren egunez jarraian, gora egin du herriko kutsatu kopuruak. Larunbatekoak gehituta, 49 dira COVID-19ak eragin dituen lasarteoriatarrak. 

Sei lagunetan gora egin du Lasarte-Oriako kutsatu kopuruak azken hiru egunetan. Ostiralean bi egiaztapenen berri eman zuten, atzo, beste bat, eta gaur, hiru. Orotara, 49 herritarrek dute edo izan dute koronabirusa, orain arte.

Beterri-Buruntzako herrietan ere kopuruak hazten jarraitzen du, nahiz eta ez dien berdin eragiten herri guztiei. Atzo, herrikoez gain, Astigarragan atzeman zuten beste bat. Hori horrela, 197 dira eskualdeko positibo metatuak.

Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren pandemiari buruzko datuak eguneratu ditu. Larunbatean, 124 egiaztapen berri izan ziren, test azkarrek 150 kasu atzeman zituzten, eta PCR proben bidez, berriz, 45 baieztapen egin zituzten: lau, Gipuzkoan; zortzi, Araban; eta 33, Bizkaian. Horiek batuta, COVID-19ak eragindakoak 17.677 dira EAEn. Lurraldeka:

  • Araba: 4.649
  • Bizkaia:10.021
  • Gipuzkoa: 3.007

Hauen %82,9, hau da, 14.646 pertsona, osatu dira edo ospitaleko alta jaso dute; hildakoak, aldiz, %8 dira, 1.418 lagun, atzo izandako 15 heriotzak gehituta. Gainerako %9,1 oraindik sendatu gabekoak dira, zenbakitan, 1.613.

Halaber, erkidegoko ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. 435 lagun daude haietan, bezperan baino 42 gutxiago, 361 gelan eta 74 Zaintza Intentsiboko Unitatean. 

 

 

Erlazionatuak