Martxan da Lasarte-Oriako ikasleen zaintza sarea

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 10a, 09:25

Koronabirudak eragindako konfinamendua hasi zenetik, zaintza sare ezberdinak sortu zirela ikusirik eta ikasleen beharrak asetzeko sortu dute Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ikasleek Hezkuntzako Zaintza Sarea

Bizitzen ari garen osasun larrialdiak ikasleei ere eragin die euren ikasketa prozesuetan. Hortaz, “salbuespeneko egoera” honetan sor daitezkeen behar berriei zaintzaz eta elkarlanaz erantzuteko ikasleen zaintza sareak sortu dituzte Lasarte eta Usurbilgo ikastetxeetako gazteek. Hain zuzen ere, Oriarte institutuko DBH3-4 eta Batxilergoko 1. eta 2. Mailako eta Udarregi ikastolako DBH3 eta DBH4ko ikasleentzat dago bideratuta.

Ideia Gora Ikasleon Borrokako ikasle mugimendutik jaso zuten arren, zaintza sarearen kudeaketa eta antolaketa guztia Oriarte zein Udarregiko Ikasleok gidatzen dute.

Atzeman dituzte behar ezberdinak. Alde batetik, “edukiak lantzeko beharra” ikusi genuen, klase telematiko interaktiboen bitartez eta baita, azalpen bideo zein azalpen apunteen bidez. 

Bestetik, “apunte zein baliabideen kolektibizazioa” martxan jarri dute, “apunteen saretzea” sustatzeko eta “ariketen ebazpenak ikasleei partekatzeko”. 

Hortaz gain, beste ikasle batzuek “material fisikoen beharra” dutela ere ikusi dugu, hala nola, ordenagailuen beharra eta wifiarena, besteak beste.

Oraingoz, apunteak eskatu dira gehien, horregatik, apunteen kolektibizazioan ari dira indar gehienak jartzen. Baina, klase telematiko, azalpe- bideo, ariketen ebazpenak, material fisikoa, selektibitateko azterketen ereduak… eskaintzeko prest daude. 

Gutxi gora behera 50 lagun ari dira egitasmoan lanean. Laguntza jaso edo eskaini nahi duten pertsonek osatzen dute Hezkuntza Zaintza Sarea. Gehienak ikasleak dira, “euren arteko saretzea bultzatzea” baita helburuetako bat, baina laguntza eskaini nahi duten irakasle batzuk ere badaudela jakinarazi dute, eta horien kolaborazioa “benetan eskertzen” dute.

Harremanetarako bideak

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ikasleek ekimenean parte hartu nahi dutenei beraiekin harremanetan jartzera gurekin harremanetan jartzera animatzen nahi dituzte: “Denontzat egoera hau ahalik eta eramangarriena izateko eta elkarlanaz eta zaintzaz gure problematikei eta beharrei aurre egiteko”. Horrela, harremanetarako posta-elektroniko ezberdinak jarri dituzte: malenarregi@oriarte.eus edo elorriarmendariz@oriarte.eus. Horrez gain, egitasmoaren instagrameko kontura (@oriarteasanblada) ere idatzi daiteke.