COVID-19aren pandemiak eragindako egoera zailean, Ostadar SKT-ko zuzendaritzak ohar bat zabaldu du bere jarduna berreskuratu aldera hartutako zenbait erabakiren berri emanez.
Ostadarreko kirolariak kirol jarduerara buelta daitezen lanean ari dira, nahiz eta "ezjakintasun eta ziurgabetasun" egoera honetan erabakiak hartzea ez den erraza. Eskola lehiaketak, saskibaloia, errugbia, bolo eta toka lehiaketa guztiak amaitutzat eman dituzte; futbol, boleibol, kirol egokitua eta atletismo federatukoekin, aldiz, erabakitzeke dago zer egin. Ildo beretik, entrenamenduetara bueltatzea "oso zaila" izango dela dirudi, bereziki, talde kiroletan.
Arduradunek argi dute hurrengo denboraldiari begira egoera berrira moldatu beharko dutela kirol eskaintza, "normaltasunez entrenatzen uzten diguten arte". Hortaz, ohartarazi dute kirol eskaintzak, izen emate epeak, taldeen osaketak, kuotan eta gainerako informazioa zehaztu ahala familiekin nahiz kirolariekin harremanetan jarriko direla kirol ataletatik. "Pazientzia izan dezazuen eskatzen dizuegu".
Halaber, oharrean jakinarazi dute aurten ez dutela denboraldi amaierako festarik egingo, baina urteroko aldizkaria eta kirol denboraldiko bideoa taldeko webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko dute. Datozen larunbatetan partekatuko dituzte dokumentuak.
Amaitzeko, herriko merkataritzaren alde egin dute. "Gure sorreratik ideia horretan sinetsi dugu eta hainbeste behar gaituzten une hauetan haien alboan egongo gara. Aurrera Lasarte-Oria Bai!".