TXINTXARRI ALDIZKARIA

Aste honetako zenbakia, sarean; hurrengoa, postontzietan ere bai

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 8a, 13:30

TXINTXARRI aldizkariaren 1502. zenbakia, maiatzaren 15erako prestatuko duguna, ostiralarekin, zuen etxeko postontzietan jasoko duzue. Konfinamendua apurka-apurka arintzen ari den honetan eta kalera irteten hasi garen honetan, kontrako bidea hartuko dugu, ia bi hilabeteko etenaldiaren ostean: zuen etxeetara iritsiko gara paperean ere bai, egoerak eskatzen dituen baldintza eta berme guztiekin.

Pasa dira ia bi hilabete TXINTXARRIko lantaldeak erabaki zuenetik eten egingo zuela paperezko produkzioa, koronabirusak eragindako egoera tarteko. 55 egun beranduago, konfinamendua ez da bukatu oraindik, egia da, baina hasi da apurka-apurka arintzen: hastapen fasean gauden honetan, kalera irteten hasi gara kirola egitera eta paseatzera, komertzio txiki batzuk hasi dira pertsianak igotzen, kale eta plazetan entzuten dira berriro haurren irribarre alaiak, adineko pertsonen begiradapean.

Kontrako bidea egiten hasiko gara gu datorren astetik aurrera, etenaldi hau eta gero: herrian gertatzen dena zuen etxeetara eramango dugu, duela 26 urte pasatxo egiten hasi ginen bezala. TXINTXARRI jasoko duzue zuen postontzietan ostiralero, maiatzaren 15etik aurrera, astean behin. Gure banatzaile finak arduratuko dira horretaz, euren lana egiteko beharrezko baliabide eta bermeekin, jakina. Asko hausnartu eta gero, gai ikusten dugu gure burua urrats hori egiteko.

Motorrak berotze aldera, beste zenbaki digital bat argitaratu dugu gaur, Covid-19aren krisia lehertu zenetik hirugarrena: Hemeroteka atalean topa dezakezue.

Inflexio puntu bat

Covid-19ak aldatu du gure egunerokoa goitik behera, eta baita TXINTXARRIren lan egiteko modua eta erritmoak ere. Hamaika buelta eta gehiago eman dizkiogu landu genitzakeen gaiei, hainbat ate birtual joz; Covid-19ari buruzko datuak egunero-egunero eskaini dizkizuegu, Lasarte-Oriakoei arreta berezia eskainita; herritarrekin eta Ttakuneko lankideekin elkarlanean, sortu ditugu ikus-entzunezkoak zuen etxealdia arintze aldera; motorrak martxan jarri ditugu Euskararen 10. Maratoirako eta Euskaraldirako; bilatu eta probatu ditugu komunikatzeko eta herritarrekin harremantzeko formula berriak; Haurraren Eguna ospatzen lagundu diegu milaka herritarrei. Datuek berresten dituzte hitz hauek: bi hilabete hauetan bikoiztu egin dugu txintxarri.eus webgunearen trafikoa, euskarazko hedabide guztiek –tokikoek bereziki– bezala. Krisi garaiotan ere gugan sinesteagatik, eskerrik asko, irakurle. Lanean jarraituko dugu.

Eskerrak ematen hasita, ezin ahaztu urteotan guztiotan gure proiektuarengan sinetsi dutenei, herriko denda eta komertzio txikiei bereziki. Garai zailak bizitzen ari garela kontuan hartuta, ahal duzuen heinean gugan sinesten jarraituko duzuelakoan, animo guztioi.

Telelanera egokitu beharra dauzkagun baliabideekin; bizitza, zaintza lanak eta gure ogibidea uztartzea; guztiok bezala egoera berri eta ezezagun bati aurre egitea, bitartean kalitatezko informazioa eskainiz… Ez da erraza izaten ari horretara egokitzea guretzat ere, baina gure esku dagoen guztia egiten ari gara. Inoiz baino albiste, erreportaje, ikus-entzunezko eta bestelako eduki sortzen ari gara, txintxarri.eus atari digitala are gehiago indartuz, eta garai nahasi hauetan erreferente bihurtuz.

Behar eta nahi izan duzuen guztietan, zuekin eta zuentzat egon gara. Ez betiko euskarri eta formatuen bidez –azkenaldian–, baina bai betiko gogo, ilusio eta konpromisoz. Lasarte-Oriari buruzko informazioa ematen segitu dugu, gertutasunez eta euskaraz. Koronabirusaren garaiotan ere bai.