Udaltzaingoaren auto bati eraso egin diotela salatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko maiatzaren 8a

Udal zerbitzuak "hain beharrezkoak" diren une honetan gertatu den erasoa "bereziki larria" dela nabarmendu du alkateak. Udaltzaingoaren autoetako bat bi gurpil zulatuta agertu da goizean

Ostiral goizean, Udaltzaingoaren automobiletako bat bi gurpil zulatuta agertu dela jakinarazi du udalak. Bizi dugun egoera honetan udalaren automobil bat erasotzea bereziki larria" dela azpimarratu dute, "aldi baterako mugitu ezinik" geratu baita.

Agustin Valdivia alkateak elkartasuna adierazi dio Udaltzaingoari, eta azaldu du bizitzen ari garen pandemiaren aurrean, "beharrezkoa" dela ahal diren "langile eta ekipamendu guztiak aktiboan edukitzea, gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko".

Gaineratu du "ez dela onargarria" ondasun publikoei erasotzea, hori egin duenaren "motibazioa edozein dela" ere. Bide batez, bere esker ona adierazi du, alarma-egoera deklaratu zenetik Udaltzaingoa egiten ari den lanagatik.