Larrialdi egoeraren ezarpena ezusteko handia izan zen Beltzak Errugbi taldearentzat. “Ohorezko B mailako taldea liga amaitzear zegoen; baina beste mailatan denboraldi erdia besterik ezin izan zen gauzatu.”
Luzerako gauza zela ikusita, “elkarte osoa alertan jarri genuen, etorkizunerako erabakiak hartzeko bilera birtualak eginez”.
Erabaki horietako bat bereziki gogorra izan da taldearentzat, Aitor Uranga oroimenezkoa bertan behera uztea. “Oroimenezkoak errugbi munduan oihartzuna hartu eta kirol elkarte askok interesa agertu dute parte hartzeko. Aurten ezusteko handiak genituen prestatuta; baina ezinezkoa da egitea”.
Borrokara ohituak dagoen taldearentzat hau oztopo txiki bat besterik ez da eta hurrengo urtean oroimenezko txapelketa indar berritua aterako dela argi dute. “Prest genuena biribildu eta gauza berriak txertatuko ditugu ziur,” onartu dute.
Bestelako erabakiak ere hartu zituzten. Arlo fisikoan, esate baterako, Errugbi eskolako 8 eta 14 urte arteko gaztetxoei entrenamendurik ez ezartzea adostu zuten. Horren ordez, errugbi partida eta errugbiari buruzko bideoak ikustea gomendatu zieten, “entrenatzaileek jokalari ezagunen biografien edo partida zaharren bideoak bidali dizkiete, azken urteetako errugbiaren bilakaera ikus dezaten”.
Federatuen taldeetan, berriz, etenaldian jokalariek egoera fisikoa mantentzea finkatu zen. Ohorezko B mailako eta Euskal Ligako jokalarien kasuan, Zarautz Errugbi taldeak ezarritako lan espezifikoa zuten.
Ahaleginak ahalegin, larrialdi egoeran maila fisikoa mantentzea zaila dela nabarmendu dute Beltzak taldeko kideek. “Etxean sartuta egon da, zaila da entrenamendu fisikoa egitea”.
Elkartasuna eta aisia
Bestalde, Beltzak Errugbi taldeak euren kide eta lagunei, zein herriko ostalariei laguntzeko ekimena aurrera eraman du. “Egoera honen ondorioak pairatu dituzten kirolari, beterano eta bazkideen familiei laguntzeko janari banku bat osatu dugu. Horretarako, krisiak hainbeste eragin dien herriko ostalariekin lan egin dugu, asko eta asko gure babesleak baitira. Ahal izan dugunekin harremanetan jarri eta soberakinak erosi dizkiegu, euren galera zerbait arinduz”.
Taldeak barkamena eskatu nahi die harremanetan jarri ahal izan ez diren babesleei eta harremanetan jartzeko eskaera egiten die Beltzakek. “Ahal dugun heinean laguntzeko prest gaudela jakitera eman nahi diegu”.
Beste hainbat ekimenen ere egin dituzte kirolarien arteko harremana sendotu eta umore ona sustatzeko. “Gurasoen laguntzarekin eskolako txikiek parte hartu duten bideo bat osatu dugu eta erronka dibertigarriak ere egin dira. Adinean aurrean doazenek barrabaskeriaren bat egin dute; guztia errespetuz eta umore onez, noski”.
Denboraldi hasiera, zalantza
Kirol jardunaren jarraipenari dagokionez, zalantza handiko hilabeteak bizi izan dituzte, “noiz eta nola hasiko garen… baina kezka horiek gizarte osoak izan ditu, ez gu bakarrik”. Egun, ordea, denboraldia amaitu dela ziur dute. “Federazio guztiek bertan behera utzi dituzte ligak eta beraz, denboraldia amaitu da eta ez da garailerik izango”.
Eta pena handia dute errugbi eskolako jokalariek denboraldi amaierako ekimenenak galduko dituztelako. “Gure txikiek esate baterako ezin izan dituzte denboraldi amaieran hain dibertigarriak diren Kontxako torneorik edo guraso eta entrenatzaileen aurkako partidarik jokatu,” jakitera eman dute.
Hurrengo denboraldian lanean hasteko prest dira Beltzak taldeko kideak, baina oraindik denboraldi honetan zintzilik geratzen diren gai batzuk argitu behar dituzte. “Oraindik federazio ezberdinekin denboraldi amaierari buruz hizketan ari gara eta horren ostean, denboraldi berriari hasiera emango diogu, baina oraindik ez dakigu noiz izango den hori”.
Michelingo zelaian lanean hasteko irrikan daudela ere onartu dute, “entrenamenduetan hasteko aukera izango bagenu, dudarik gabe hasiko ginateke”. Baina errugbia kontaktua da eta denbora luzean horrek entrenamendu normalak egitea eragotziko diela jakitun dira. “Denboraldi amaiera hau zurian amaituko dugula uste dugu. Gure kirolean kontaktu fisiko handia dago, azkenetarikoak izango gara lanean hasten. Hala ere, prestakuntza fisikoarekin hasi ahalko ginateke kirol instalakuntzek ahalbidetzen badute”.
Baina zelaiaz gaindiko kirola ere dugu errugbia hirugarren denborari esker eta kirolaren antzera, ohitura honek neurri berrietara moldatu beharko duela argi dute. “Hirugarren denbora gure jokoaren zati bat da; errugbi partidak egonez gero, hirugarren denbora egongo da. Neurrietara moldatu beharko gara, baina egingo dugu; gure DNAn dago”.
Diziplina, lana eta errespetua. Horiek dira errugbiaren ardatzak eta Beltzak Errugbi taldeko kideek argi dute horiek jarraituta “tuneletik aterako gara”. Horregatik eskaera bat dute herritarrentzat “neurriak jarraituz bakarrik gaindituko dugu egoera hau”.
Era berean, COVID 19a dela-eta, senideren bat galdu duten herriko familiei taldearen "animo eta maitasun guztia" helarazi nahi diete.