Kirola Lasarte-Orian

LOKEko gimnastek agur esan diote denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 16:00
Arg.: LOKE Gimnastika

Herriko gimnastek denboraldia amaitutzat eman dute, Euskadiko Eskolarteko Jokoak bertan behera geratu ostean. Taldeko prestatzaile eta LOKE kirol elkarteko lehendakari Maite Ruedarekin hitz egin dugu bizi duten egoeraz

Saltoak, txiri-bueltak, tresnak, musika… Maialen Chourraut kiroldegiko pistatik etxeko gelara egiteko moduko ariketak egitera. LOKEko gimnastak lanean jarraitu dute alerta-egoera honetan.

Itxialdiko erabakia jaso eta egoerara moldatzea zaila izan zela onartu du Maite Rueda LOKE Gimnastikako arduradunak. “Eusko Jaurlaritzaren agindua jaso eta egun batetik bestera saioak bertan behera utzi behar dituzula aurkitzen zara, gurasoei saioen etenaldiaren berri eman behar diezula…”

Zalantza ugari sortzen zizkien egoera berriak, baina hilabetez hilabete egoera luzatu eta lehiaketak bertan behera geratu ahala argitu dira. “Gipuzkoako federazioak martxoko lehiaketak bertan behera geratzen direla jakitera eman zigun; gerora, apirilekoak ere ez zirela egingo. Lehengo astean, Euskadiko Eskolarteko jokoak ere bertan behera geratuko direla jakin genuen”.

Erabaki hori jasotzearekin batera, LOKEren denboraldia amaitu zela jakin zuten gimnastikako arduradunek. “Txapelketa horren ostean, ekainaren hirugarren astean amaitu ohi zen gure denboraldia. Beraz, argi dago LOKEren denboraldia amaitu dela,” onartu du Ruedak.

Ondorioz, LOKEko gimnastek zituzten helburuak geldi geratu dira. “Gure kirolariak berriro lehiatzen ikusi eta helburuak betetzeko hurrengo denboraldira itxaron beharko dugu”.

Hala ere, gimnastak alerta-egoeran ez dira geldirik egon eta lanean jarraitzeko eskaera egingo diete. “Gure gimnastei etxean lan egitera animatuko diegu, haien esfortzu eta lanarekin lortu zutena gal ez dezaten,” adierazi du LOKEko prestatzaileak. Horretarako, alerta-egoeran zehar egin duten moduan, etxean egiteko ariketak, erronkak eta probak bidaliko dizkiete.

Gainera, nahiz eta Gobernuak normaltasunerako bidea zehaztu, Mailen Chourraut kiroldegian lanean noiz hasiko ahal diren zain daudela jakitera eman du. “Kiroldegia itxita dago oraingoz eta ez dakigu noiz edo zein egoeratan hasiko garen lanean”.

LOKE elkartea

Maite Rueda LOKEko lehendakari ere bada eta elkartearen berri eman ditu. Elkartea osatzen duten hiru atalak (gimnastika, judo eta tenia) harremanetan egon dira alerta-egoeran.

Atal guztietako arduradun eta prestatzaileak egoera honetatik ateratzeko gogoekin eta entrenamenduetara bueltatzeko gogoekin daudela nabarmendu du Ruedak, “Gorkak, Mari Asunek eta gure entrenatzaileek gure kirola maite dugu eta saioak berriro ere eskaintzeko irrikan gaude”.

Era berean, Gorka Aristegi judo ataleko arduradunak jakitera eman zuen bezala, egoera honen ondorioz, LOKEk kuota ez kobratzearen erabakia baieztatu du. “Martxoa amaieran, entrenamendurik ez zegoen hilabeteetako kuota ez zela kobratuko adostu genuen”. Beraz, atal guztietako prestatzaileek ez dute soldatarik jasoko entrenamenduak berriro hasi arte.

Hala ere, baikor dira LOKEko lagunak eta horregatik, Lasarte-Oriako herritarrei pazientzia izateko eskatzen diete. “Gero eta denbora gutxiago geratzen da itxialdia amaitzeko eta gure egunero bizitzara itzultzeko”.