Amets batean bezala

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 5a, 20:56

Alberto Valdivia Leiton herritarrak 36 urte bete ditu gaur. Festa sorpresa prestatu dio familiak, 2020ko maiatzaren 5a sekula ez ahazteko: tarta, koloretako globoak, bizilagunen txaloak, etxekoen maitasuna....eta Gurutze Gorriaren anbulantziak, sirena eta guzti. Opari bereziena. Amestutako urtebetetzea. Covid-19aren garaian.

Albertok ezin ditu bere sentimendu eta emozioak hitzen bitartez adierazi. Baina bere urtebetetze festa sorpresa gertutik ikusi duten guztiek jakin dute kabitu ezinik zegoela, pozaren pozez. Begiradek eta irribarreek zenbat balio duten. 36 kandela itzali ditu gaur lasarteoriatarrak, eta amets batean bezala egon da, Covid-19ak gure errutina goitik behera aldatu duen garaian; baita urtebetetzeak ospatzeko modua ere. Baina ez derrigorrez okerrera. Ola kalean gaur gertatu dena ikusi besterik ez dago.

Txiki-txikitatik oso-oso gustuko izan ditu Albertok ibilgailuak, autoak-eta. Liluratuta uzten dute anbulantzien sirenek. Gurutze Gorriko lau joan dira gaur bera bizi den tokira, bere 36. urtebetetzea gogotik ospatzera, familiarekin batera. Bizilagun asko balkoietara atera dira, eta, txalo artean, zorionik beroenak eman dizkiote. Balkoitik balkoira aurrena, eta balkoitik kalera gero, portaleko atetik pozaren pozez irten baita herritarra, etxe pareko plazatxora, ahateen parke albora, betidanik atsegin izan dituen lau gurpildun tramankulu horiek gertutik ezagutzera. Aparkatzen lagundu die Albertok, trafikoa gidatzen ari balitz bezala. Gero, sirenak nola jotzen diren ikusi eta ikasi du, eta praktikan jarri ere bai, familia eta lagunen txalo artean.

Etxera bueltan, balkoira irten da berriro, aitarekin, eta kandelaz betetako tartari putz egin dio.

"Eskerrik asko, Alberto"

Sekulako oparia jaso du gaur Albertok. Festa ederra prestatu dio familiak. Baina, Albertoren ama Carmen Leitonen hitzetan, are politagoa izan zen duela 36 urte jasotako bat, semea jaio zenekoa. "Bizitzak opari aparta egin digu". 

Ohar bidez, eskerrak eman nahi dizkie Albertori eta "bera bezalako pertsonei", uste duelako eredugarri direla: "Eskerrik asko begirada bakar batekin gu lasaitu eta alaitzeagatik, bizitza bihotzetik ikusten irakasteagatik". 

"Albertok eskerrak eman nahi dizkie bere egunerokoa zoriontsu egiten duten guztiei: familia eta lagunei, Txara zentroari, ASPACEri, eta, bereziki, Jalgune elkarteari: bere bigarren etxea da".