Kirola Lasarte-Orian

Ostadar SKT Saskibaloia: "Denboraldia amaitutzat ematea izango litzateke erabakirik hoberena"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 5a, 13:00

Arg.: Ostadar Saskibaloia

Ostadar SKT Saskibaloi taldeek ilusio handia zuen jarrita denboraldi honetan. Kadete taldea Euskal Ligan jokatzen ari zen urtarriletik eta taldeen garapena ona zen. Egun talde guztiak geldi daude, Euskal Liga bertan behera utzi dute eta 'egoera zailen bat' bizi izan dutela ere aitortu du Endika Marrahi taldeko arduradunak

Nahiz eta liga batzuetan denboraldiak jarraituko duen zalantzan egon, Ostadar SKTko Saskibaloi atala “segituan” martxan egoteko prestatzen ari da, baita 2020-2021 denboraldia prestatzen ere.

“Entrenatzaileak bi astero hasi gara geratzen hitz egiteko, eta informazio berria dagoenean ere, kasu batzuetan elkarrekin hitz egiteko deiak burutu ditugu,” azaldu du Ostadar SKT Saskibaloi saileko arduradun Endika Marrahik.

Itxialdia zituzten zalantzak pixkanaka argitzen doaz. Euskal Ligako denboraldia bertan behera geratu dela jakin berri dute. Hala ere, Gipuzkoako federazioak oraindik denboraldiari buruz ezer zehaztu ez duela azpimarratu du. Marrahik eta federazioak denboraldia amaitutzat ematea aurreikusten du. “Nire iritziz erabakirik hoberena da,” onartu du Ostadar Saskibaloi taldeko arduradunak.

Denboraldia bertan behera geratu ezean, saskibaloi taldeak geratzen diren partidak jokatzeko prest daudela jakitera eman du Marrahik, baita federazioak udan partidak jokatzearen aurka daudela ere. “Nahiz eta aukera oso txiki bat egon, gelditzen diren partidak jolasteko prest egongo lirateke klubak, jakinda partida guztiak ekainaren 30erako amaituta egon beharko liratekeela”.

Etenaldia indarrean jarri zenean ere lan talde teknikoak jarraitutako pausoen berri eman digu Endika Marrahi Saskibaloi ataleko arduradunak. Martxoaren 12an entrenamenduak bertan behera uzteko erabakia hartu eta jokalari, zein gurasoei informazioa bidali zitzaien. Federazioetatik edo Udaletik jasotako informazio berria dutenean ohar orokorra bidaltzen dute.

Era berean, kirolariekin harremana mantendu eta erronka batzuk proposatu dizkietela jakitera eman du. Azken horiek adin txikiko taldeetan jarraipen handia izan zutela nabarmendu du, ”jokalari helduenak berriz oso gutxi parte hartu dute”.

Helburuak

Ostadar SKTko Saskibaloi saileko arlo teknikoa lanean ari bada ere, beste atal batzuetan geldirik daudela nabarmendu du, alde fisikoan, esate baterako. Egoera kontuan izanik, kirolariei entrenamendu saio zehatzik ez zaiela ezarri jakitera eman du. “Gaur egun badute informazioa Internet-en, aholku batzuk eman ditugu eta bakoitzak hartu du lan hori egiteko erabakia”.

Gainera, saskibaloi sailean lantzen dituzten helburuak egoera fisiko onean bakarrik oinarritzen ez direla nabarmendu du. “Kirol arloan lantzen ditugun helburuak gehiago dira, ez dira soilik egoera fisiko onean egotera laburbiltzen, entrenatzaile bakoitzak erabaki du zerri lehentasuna eman talde bakoitzean”.

Momentu zailak ere bizi izan dituztela azaldu du, Ostadar Saskibaloi taldeko kideen artean bi kasu eman baitira. “entrenatzaile eta jokalariren bat kutsatu dira eta egun zail batzuk igaro ditugu, baina jada ondo daude eta nahiko lasai gabiltza”.

Horregatik, bizi dugun egoera “zailaren” aurrean, Ostadar saskibaloi taldeko kideek herritar guztiei eskerrak eta animoak eman nahi dizkie. “Etorkizuna aurreikusteko modurik onena denok egiten ari garen lana da, aurrera begiratu behar dugu orain arte egin dugun moduan, elkarlanean eta konpromisoz. Herritar guztiei eskerrak eman, eta batez ere pentsatu okerrena pasa dela. Bizi ginen bezain zoriontsu izatea espero dut, animo denei eta eutsi goiari”.