Intza kirol elkarteko kideak jarduerarekin jarraitu edo hurrengo denboraldira itxaron behar duten jakiteko zain daude. Federazioak ez die ezer zehaztu oraindik eta horregatik, pilotariak geldi daude.
Pilotariak fisikoki etxean lan egin ahal duten arren, lan teknikoa egitea ez da hain erraza, pilotarekin ezin baita etxean jardun. Joxe Felix Solano Intza KEko prestatzaileak azaldu duenez, federazioak pilotariek etxean lan egiteko bideoak bidali zizkien eta senior eta kadete mailako kirolariei berbidali zizkieten. Baina Solanok zehazten duenez, zail da ariketa horiek egin ahal izatea. Izan ere, “pilota gogorrarekin lan egin behar baita, eskuak samurtu ez daitezen”.
Kirol jarduna eten zenean denboraldiko laburpena egin du Intza KEko arduradunak. “Une lasai batean” zeuden federatutako kirolariak. Infantilen lehiaketa amaitzeko partida bat geratzen zen eta hurrengo fasera igaroko ziren eta seniorrek txapelketa amaitua zuten. Udaberri txapelketan, ordea, 3. kadete mailan Haritza Diaz de Gereñuk eta Pedro Eloseguik final-erdia jokatu behar zuten martxoaren 15ean Aloña Mendiren aurka.
Horrez gain, Solanok azaldu duenez, lau t’erdiko txapelketarako izena ematea egin behar zuten bakarka kadete eta senior mailan eta binaka infantilen mailan.
Kirol ez federatuari dagokionez, Intza KEk jarduera gehien zuen hilabetean eten zuten jarduna, baita “momentu gogobetegarrienean” ere . Besteak beste, eskola mailako gaztetxoen txapelketa jokatu behar zuten garai honetan. Gaztetxoak txapelketa hori jokatzeko gogo eta ilusioekin egoten dira Intza Keko arduradunaren hitzetan. “Denboraldian zehar egindako lana erakusteko modu bat da.” Gainea, irailean pilota eskolako izena emateetan eragina duela ere azaldu du.
Denboraldia eta San Pedro Jaietako txapelketa
Denboraldia airean dago eta geratzen diren txapelketak ere jokatuko diren ez diete zehaztu Intza KEko lagunei. Hala ere, lehiaketek aurrera eginez gero, denboraldi-aurrea egon beharko lukeela uste du Intzako arduradunak. “Eskuak berriro ohitzeko eta eskuak gogortzen joan ahala entrenamenduen intentsitatea handitzen joateko beharrezkoa izango da. Eskuetan min hartuz gero, zerotik hasi beharko litzateke, berriro ere”.
Oraingoz ez daukate erabaki ofizialik eta zein neurri hartuko dituzten ere ez zaizkie jakin arazi. “Guztia egoeraren arabera egingo da, baina denboraldia amaitutzat emateak ez lirateke harrituko,” aipatu du Solanok.
Egoeraren ondorioz, San Pedro Jaietako pilota txapelketa jokatuko den ere ez dakite. Maiatza erdialdean hasi eta herriko jaietan pilota jaialdi politarekin amaitu ohi da. “Oraintxe izena emate garaia ixtear egongo ginateke, partiden egutegia osatu ahal izateko. Baina zerora gaude. Beraz, ohiko egutegian ezingo da jokatu,” jakitera eman du Intza KEko ardurdunak. Udalaren albisteen zain daudela ere zehaztu du, “jaiak egingo diren jakiteko, haur eta gaztetxoekin nola jardun jakiteko, neurriak eta jarraibideak, etab.”
Zalantzak zalantza txapelketa bertan behera geratzen bada, Intza KEko kideek argi dute hurrengo urtera arte ez dela jokatuko.
Halaber, beste erabaki baten berri ere eman nahi dute, “hilabete hauetan entrenamendurik egon ez denez” Intzako kirolariei ordaindutako kuotaren ehuneko bat bueltatuko zaie. Zenbatekoa oraindik zehazteke daukatela ere jakitera eman du Solanok.
Hori guztia dela eta, ez dute hurrengo denboraldian pentsatzen oraindik. Moldaketa handirik aurreikusten ez zutela aurreratu du Intza KEko arduradunak, “baina egoera ikusita eta jarraitu beharreko neurriak ezartzen dituztenean moldatu beharko gara. Oraingoz ez dago zehaztua, beraz ezin dugu ezer aurreratu”.
Azkenik, Intza KEk herritarrei animoak bidaltzen dizkie. Era berean, egoera ulertzea, pazientziaz jokatzea eta “guztion hobe beharrez ezartzen diren” neurriak betetzea eskatzen die. Eta eskerrak eman nahi dizkiete “etxealdi hau jasangarriago egiten duten pertsonei eta ezer falta ez dakigun lan egiten duten herritarrei” ere.