Euskara eta hizkuntza ohiturei lotutako urtea da 2020a, nahiz eta koronabirusak hankaz gora jarri dituen prestatutako egitasmo asko. Ez dute etsi, eta moldaketekin bada ere, egokituta aurrera eraman dituzten Euskararen X. Maratoiko eta Euskaraldiko hasierako jarduerak.
Urria burutuko da Maratoia eta duela egun batzuk aurkeztu zuten prestatutako kanta. Zortzikoteko kideek –nortzuk diren oraindik sekretua da– norberak bere etxean grabatutako bideoekin Hamar atzamar abestia ekarri zioten lasarteoriatarrei. Horrekin batera, hitzak eta koreografia ikastera gonbidatu zituzten gaurko dei berezi bat eginda: 20:10 aldera leiho eta balkoietan dantzatzea, herriko auzo, kale eta plazak abestiarekin bete daitezen.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute bigarren hitzordu nagusia: Euskaraldia. Egitasmoaren lehen urratsa Etxealditik Euskaraldira egitasmoa izan da, hizkuntza portaerak aztertu eta haiek aldatu edo finkatzeko ariketa. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko asmoz, etxealdian hainbat erronka proposatu dituzte apirilaren 20tik. Gaurkoa, azkena, sare sozialetan, leihoetan eta balkoietan... parte hartu dutenek bizitakoa –pentsamenduak, sentimenduak, lorpenak...– partekatzea da. Hala, komunitatea bistaratu eta kideek elkarren berri izatea nahi dute, birtualki bada ere.