Hiru egun jarraian positibo berri batekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 3a, 14:02

Azken 24 orduetan 51 positibo egiaztatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan PCR probek eta 44 test azkarrek. Horietako bat lasarteoriatarra da.

Ez omen da bi hiru gabe. Tamalez, hala da COVID-19ak kutsatutako lasarteoriatarrei dagokienean. Hirugarren egunez, positibo berri bat atzeman dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaurko txostenean. Hori horrela, 42 dira eragindakoak. Edonola, test azkarrak egiten hasi zirenetik, kontaketan antigorputzak dituztenak gehitzen dituzte; eta ezin da zehaztu zein den herritarren egoera. Alegia, kutsatuta dauden edo gainditu duten. 

PCR bidez –birusa atzematen duen proba– 51 positibo berri erregistratu dituzte. Test azkarren bidez, aldiz, 44. Lurraldeka, 95 kasu horiek honela banatzen dira: Gipuzkoan, 4; Bizkaian, 53; eta Araban, 21. 

Kutsatutakoak, guztira, 16.197 dira. Horietako gehienak Bizkaian, 9.233. Araban erdia baino gutxixeago daude, 4.188; eta Gipuzkoak, pandemia osoan bezala, kopuru baxuena du, 2.776. Beterri-Buruntza eskualdeari dagokionean,  169 positibo izan dira asteotan, eta azken 24 orduetan, egiaztatutako positibo bakarra Lasarte-Oriakoa da. 

  • Hernani: 48
  • Andoian: 42
  • Lasarte-Oria: 42
  • Urnieta: 16
  • Astigarraga: 13
  • Usurbil: 8

Txosteneko datuei erreparatuta, koronabirusak emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago eragin ditu, %61,3; eta adinari dagokionean, berriz, 50 urtetik gorakoak kutsatu ditu nagusiki, % 68,7, bereziki, 50-59 urte arteko tartean, % 19. Adinekoei gehiago eragiten dienez, hilgarriago da ere adinean gora egin ahala. Hildako 1.329 lagunetatik ia erdia, %49,5, 80 urtetik gorakoak dira, %62,5 langa 70 urteetan jarriz gero. Halaber, gizonengan, adin tarte guztietan. 

Sendatutakoak eta alta jaso dutenak, jada, kutsatuen %74,2 dira, 12.024 lagun. Osatu ez direnen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ospitaletan 614 gaixo daude, horietako 66, Donostia Ospitalean, 52, gelan; 14, Zaintza Intentsiboko Unitatean. 

 

 

Erlazionatuak