Osteguneko datuak errepikatu egin ziren atzo. Bezperan bezala, lau positibo berri egiaztatu zituzten ostiralean Beterri-Buruntzan. Lasarte-Oriakoarekin batera, bana, Astigarragan, Hernanin eta Usurbilen. Orotara, 168 kutsatu baieztatu dituzte eskualdean koronabirusaren pandemia piztu zenetik. Herriz herriko banaketa honakoa da:
- Hernani: 48
- Andoain: 42
- Lasarte-Oria: 41
- Urnieta: 16
- Astigarraga: 13
- Usurbil: 8
Aurreko txosteneko datuekin alderatuta, gaurkoan 139 positibo gehitu dituzte. Edonola, Osasun Sailburu Nekane Murgak adierazi duenez, 63 dira egiaztatutako kasu berriak. Alde hori aurrera eramaten ari diren proben ondorio da. Izan ere, PCRek birusa atzematen dute, test azkarrek, aldiz, antigorputzak, beraz, gainditutako infekzioa adieraz dezakete. Labur esanda, diagnostiko berriak dira, ez derrigor unean kutsatuta dauden lagunak. Ostiralean, 6.355 proba egin zituzten.
Lurraldeka, 2.772, 4.167 eta 9.180 kutsatu daude, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, hurrenez hurren. Guztira, 16.119. Horien %73,2 osatu dira edo alta jaso dute. Hildakoak, aldiz, 1.321 dira, 9 azken 24 orduetan. Ospitaleen egoera ere hobera doa, 595 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaletan, horietako 67, Donostia Ospitalean: 53 gelan, 14 ZIUn.
Ohikora bueltatzeko urratsak
Osakidetza ohiko artatze jarduerara itzultzen hasiko da, zuhurtziaz eta “koronabirusak gure artean egoten jarraituko duela” ahaztu gabe. Horretarako plan bat zehaztu dute, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duena.
- Ospitaleetako kanpo kontsultak: Atzeratutako kontsultak hartu eta urgentziaren arabera, aurrez aurre edo telefonoz kontsulta egin behar den erabakiko dute, lehentasunezko kasuetatik hasita. Aurrez aurreko edozein kontsultaren aurretik, telefono dei bat egingo dute COVID-19 pazienteak atzemateko.
- Proba diagnostiko osagarriak: Beharrezkoak diren probak lehenetsiko dira.
- Programazio kirurgikoa: Ebakuntza baten zain daudenen osasun egoera baloratuko du telefonoz euren tratamenduaz arduratzen den mediku taldeak, urgentzia eta epeak zehazteko.
- Oinarrizko arreta: Epidemiaren atzemate goiztiarrean eta kontrolean funtsezkoa izango da. Telefono bidezko arreta lehenesten jarraituko dute eta anbulatorioetan gutxika ezartzen hasiko dira aurrez aurreko arreta.
Bestalde, Osasun Sailak 2 metro, batzen gaituen distantzia sentsibilizazio kanpaina abiarazi du gaur, neurriak hartzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi ditu herritarrak. Hala, urruntze soziala errespetatzeko beharra nabarmentzen du, birusa hedatzea ekidingo duelako. Horren bidez, herritarrei gogorarazi nahi diete hainbat neurri hartzea ezinbestekoa dela, esaterako, eskuetako higienea zaintzea edo ohiko kontaktu azalerak ez ukitzea. Horrez gain, segurtasun distantzia gorde ezin den leku itxietan maskara erabiltzea gomendatu dute. Era berean, sintomak dituztenek, bakartu eta osasun etxera deitu behar dute.