Sei asteko itxialdiaren ondoren, bihartik aurrera, kirola egitera edo paseora kalera ateratzeko aukera izango dute 14 urtetik gorako herritarrek. Beti ere, zenbait mugekin. Higiene eta segurtasun neurriak errespetatzeaz gain, beste baldintza batzuk ere badira. Haien berri eman zuen Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroak ostegunean egindako prentsaurrekoan eta gaur argitaratu dute Espainiako Buletin Ofizialean irteera horiek arautuko dituen dekretua.
1. Ordutegia. Adinaren arabera, hiru ordutegi zehaztu dituzte:
- 6:00-10:00 eta 20:00-23:00: 14 eta 70 urte artekoak.
- 10:00-12:00 eta 19:00-20:00: 70 urtetik gorakoek eta zaintzailearekin irten behar duten pertsonak
- 12:00-19:00: 14 urte arteko haurrak.
2. Kirola
- Ezin da udalerritik irten
- Banaka, bi metroko tartea utzita
- Beste inorekin kontakturik gabea
- Egunean behin
- Iraupen mugarik gabe, zehaztutako ordutegian
- Jende pilaketa guneak saihestu
- Ez etenaldirik egin. Beharrezkoak badira, ahalik eta motzenak
3. Paseoa
- Etxetik kilometro bateko erradioan
- Bakarrik edo bizikide batekin
- Segurtasun tartea errespetatuta
- Egunean behin
- Iraupen mugarik gabe, zehaztutako ordutegian
- Jende pilaketa guneak saihestu
- Ez etenaldirik egin. Beharrezkoak badira, ahalik eta motzenak
4. Salbuespenak
- 70 urtetik gorakoek 14-70 urte arteko bizikide batekin atera ahalko dute.
- Elbarriek, ezinduek, behar bereziren bat dutenek eta 70 urtetik gorakoek ohiko zaintzailearekin atera ahalko dute, nahiz eta etxe berean ez bizi.
5. Haurrak. Aipatu ordu tartean atera ahal izango dira eta orain arteko mugekin: Egunean behin, etxetik kilometro bateko erradioan, ordubetez, bizikide heldu batekin (gehienez hiru haur).
- Haurrekin paseora ateratzen den 18 urtetik gorakoak berriro kalera ateratzeko aukera du kirola egitera edo paseora, dagokion ordutegian.
6. Non?
- Erabilera publikoko edozein kaletan edo ingurutan ibili edo kirola egin daiteke.
- Gune natural publikoetan, mugak errespetatzen badira.
- Ezingo da itxitako kirol instalazioetara sartu.
- Ezingo da ibilgailu motordunik edo garraio publikorik erabili ariketa fisikoa egitera beste norabait joateko.
7. Nork ezin du irten? COVID-19ak kutsatutakoek, berrogeialdian daudenek eta zahar egoitzetako egoiliarrek.
Baratzeak
Atari zabaleko ariketa fisikoa arautzeko dekretuarekin batera, autokontsumorako baratzeetara joatea arautzen duen beste bat ere argitaratu dute. Bihartik aurrera haietara joateko aukera izango dute jabeek, beti ere, bizitokiko udalerrian bertan edo ondokoren batean badago. Hala, ortuak zaindu eta barazkiak jasotzeko aukera dute; baita animaliak elikatu eta zaintzekoa ere.
Segurtasun eta higiene neurriak betetzeaz gain, joan-etorriak ahal bezainbeste mugatu beharko dira. Jarduera banaka egin behar dute, edo salbuespen gisa, zaintza behar duen adineko, adin txikiko edo menpekotasuna duen pertsona batek lagunduta.