Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren pandemiaren eguneraketa egin du. Atzo 20:00ak arte bildutako datuen arabera, 40 lagun kutsatuta daude Lasarte-Orian, positibo berri bat atzeman baitute azken orduetan. Horrekin batera, beste hiru baieztapen izan dira Beterri-Buruntzaldean, bi Urnietan eta bat Andoainen. Metatuta, 165 dira eskualdeko kutsatuak.
EAEn, berriz, 15.969 dira koronabirusak eragindakoak, erregistratutako beste 442 baieztapen gehituta. Lurraldeka, Gipuzkoan 49 positibo berri daude, guztira, 2.759 dira kutsatuak; Araban, berriz, osteguneko 160 egiaztapenak gehituta, 3.962 dira; eta Bizkaian, 233 gaixo atzeman dituzte, orotara, 9.085.
Pandemia piztu zenetik, 11.380 lagun osatu dira edo alta jaso dute, hau da, baieztatutako kasuen % 71,3. COVID-19ak kutsatuta hildakoak, aldiz, 1.312 dira;16, atzo.
Ospitaleratuen kopuruak behera egiten jarraitzen du, guztira, 636 pertsona daude erkidegoko ospitaleetan. Donostia Ospitalean 74 gaixo daude, 60 gelan eta 14 Zaintza Intentsiboko Unitatean.
11.065 proba egin zituzten ostegunean, PCR eta test azkarrak batuta.
Datuen eguneraketa xehatuta ikus daiteke gaurko txostenean.
Detekzio goiztiarrerako programa
Bestalde, Osakidetzak ezagutzera eman du Osasunaren Mundu Erakundearen Go.Data erabilera libreko programa erabiliko duela kasu berriak nahiz haien kontaktuak aztertzeko eta jarraipena egiteko, isolamendu egokia bermatze aldera.
Osasun Publikoko eta Lehen Arretako langileen ordenagailuetan erabilgarri izango da, erantzun goiztiarra emateko. Horretarako, ordea, herritarren laguntza behar dute. Hala, pertsona batek eztula, sukarra, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna edo usaimen falta bezalako sintomak baditu, etxean isolatu behar du eta osasun etxera deitu. Datorren astean Araban abiaraztea aurreikusi dute.