COVID-19aren hedapena saihesteko herritarrei ezarritako konfinamendua emakume askorentzat "arriskutsua" dela ohartarazi du Indarkeria Matxistaren kontrako Matazen Mugimenduak.
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek "muturreko zaurgarritasuna" pairatzen ari direla azpimarratu dute, izan ere, konfinamenduan erasotzailearekin espazio bera partekatzen ari baitira egun osoz. Erasotzailea gertu dagoenez, laguntza eskatzea edota salaketa aurkeztea "zaila" dela ohartarazi dute, eta arriskua "areagotu" egiten dela nabarmendu. Horregatik biktimaren inguruko senide, lagunak eta bizilagunak adi egotea ·"funtsezkoa" denez, ehuntzea proposatu dute indarkeria matxista "ikustarazteko eta salatzeko".
30 zentimetroko zabalera eta nahi den luzerako pieza bat ehuntzea da helburua. Ehun hori balkoietatik eskegi daiteke gero, biktimek "bakarrik ez daudela eta ingurukoen laguntza izan dezaketela ikustarazteko". Horrela egin dute Erribera-Zumaburuko bizilagunek; ehunak zintzilikatu dituzte egunak balkoietan.
Konfinamenduaren amaituta, topaketa bat deituko du Indarkeria Matxistaren kontrako Matazen Mugimenduak, eta itxialdian sortutako ehunak batuko dituztela iragarri dute, "indarkeria matxistaren aurkako munduko begiztarik handiena lortzeko".