Herritar guztiek bezala, etxean daramatzate ia 50 egun, eta itxialdia nola bizitzen ari diren kontatu ekin diote tertuliari (00:00tik 07:00ra). Egokitzapen asteak pasa dituztela azaldu dute laurek, baina hasierako eta gaur-gaurko egoeren artean ezberdintasunak antzeman dituzte. Egizabalek azaldu du itxialdiko lehen asteetan ez bezala, gerora sumatu duela bajoi orokor bat. Joxemarik, berriz, teknologia berrien bidezko “konpromisoetara” ohituta dagoela azaldu du. Aintzaneren esanetan, “nekea” nabaritzen hasi dela aitortu du, baina egoera “oso onartuta” duen heinean, horretara moldatzen ari da orain. Anek shock egoera bizitu zuen osasun larrialdia iritsi zenean, eta hasieran ez bezala, luzerako egoera zela ikusteak gorabeheratsu sentiarazten dute.
Etxetik zenbait lan egiteko ohitura izan dezaketen arren, publiko aurrean lan egiten dute batez ere Egizabalek, Agirretxek eta Labakak, eta itxialdiak euren lanetan izan duen eraginaz ere hitz egin dute.
Konfinamenduak euren eguneroko jardunari nola eragin dion ere azaldu dute (07:33tik 22:40ra). Aintzaneren kasuan “zuzenean” eragin dio osasun krisiak. Idaztea, eguneroko soldata irabazteko lanaz “aparte” egiten duen lana dela argitu du, eta azaldu du, arte hezkuntzako proiektuak martxan jartzen dituen kooperatiba batean ari zela lanean. Ikastetxeekin lanean ari zirenez, hori guztia bertan behera geratu denez, berari ere zuzenean eragin dio.
Aneri ere erabat aldatu zaio egunerokoa. Sortzeko “ezinbestekoa” du mendira, kalera irtetea, eta hori eten egin zaio. Bertso saioak eta eskuartean dituen bestelako lanak bertan behera geratu zaizkio urteko aurreikuspenetan “puntu altuak” zetozenean.
Joxe Mariren egunerokoa ere orain artekoaren erabat ezberdina. Kooperatiba bateko kide den neurrian, diru-sarrerak guztiz eten zaizkie, baina Porrotxek ez du sudur gorria kendu, eta pailazo taldearekin batera, 400 mezu baino gehiago bidali dituzte konfinamenduan zehar.
Beak urte bukaerara arte lanik egiteko aukerarik edukiko ez duela aurreikusi du, eta baliagarria izan zaio bere lana aurrera eramateko publikoa behar duela berresteko; teknologia berrien bidez lan egitea “asko kostatzen” zaio.
Kultura, herriak eta komunitateak bat egiteko “beharrezko” tresna dela aldarrikatu dute laurek, itxialdian kontsumitu den “berehalako kulturaren” inguruko ausartzera bultzatu ditu Labakak.
Kultur greba digitala
Apirilaren 21ean eta 22an sare sozialetatik desagertu zen kultura. Hain zuzen ere, kultur eragileak ikustarazi eta entzuteko egin dute protesta, eta solasaldiko lau kideek ere bat egin zuten deialdiarekin (22:40tik 41:39ra).
“Begirada aldaketa bat” gertatu behar dela azpimarratu du Usandizagak: “Kultura ezin daiteke ezerezetik agertu eta kontsumitu egiten den produktu bat bezala”. Gizarteak hausnarketa egin behar duela uste badu ere, erakundeen aldetik galdegin du aldaketa nagusia.
Labakaka, berriz, gogoeta bat ekarri du; kultura pertsona askoren “ogibidea” dela gogorarazi du, eta hortaz jabetzeko beharra azpimarratu: “Beste edozein lanbide zalantzan jartzen ez den bitartean, niri, nire lanaren inguruan iristen zaizkidan mezuak zalantzatik etorri dira”.
Hausnarketa polita gehitu dio Egizabalek bere herrikideenari. Kultura duen herri bat “manipulatzen zailagoa” dela nabarmendu du, eta gehitu du, arazoa “estrukturala” dela erabat.
Joxemarik herriko kultur egoerari egin dio erreferentzia, eta kulturari merezi duen lekuan emateko Lasarte-Orian, urte luze hauetan aurkitutako oztopoak jakinarazi ditu, besteak beste.
Horrela, hausnarketa eskatu diote gizarteari eta, noski, erakundeei (41:41etik amaierara arte). Eta desira bat partekatu dute denek; hemendik aurrera kultur eragileak bat egin eta saretzen hasteko. Horrekin batera, kultur planifikazio “estrategikoak eta nazionalak” beharrezko ikusten ditu Agirretxek, behin betiko “motxilarekin alde batera eta beste ibiltzeari utzi ahal izateko”.