Ostadar saileko atletismo taldea beste kirolen antzera egoerara moldatu behar izan da. Oscar Goikoetxea eta Amaia Andres prestatzaileak eta kirolariak itxaropentsu zeuden itxialdia baino lehen, maila ezberdinetako lehiaketetan maila ederra erakusten ari ziren eta kasu batzuetan, euren garapena handia zen. Itxialdiak, berriz, etxean lan egitera behartu ditu eta euren garapena eten du horrek. Hala ere, kirolariek jarduera fisikoa mantendu eta “egunerokotik ihes egiteko” entrenamendu bereziak bidaltzen dizkiete prestatzaileek, Goikoetxeak azaldu bezala. “Astero kirolari bakoitzari moldatutako entrenamendua bidaltzen diogu fisikoki ongi mantendu daitezen. Baina lan teknikoa egitea ezinezkoa da egoera honetan,” azaldu du Oskar Goikoetxea atletismo taldeko prestatzaileak.
Oztopoak oztopo, baikor agertzen da kirolarien garapenari buruz hitz egiterakoan, “epe ertainera kirolarien garapenarekin aurrera egiteko aukera izango dugula uste dugu”.
Era berean, Ostadar atletismo taldeko kideek ekimen berezirik edo erronkarik egin ez dutela ere aipatu digu, “ez doa gure izaerarekin bat”.
Lehiaketarik ez
Itxialdia ezarri zenean, pistako denboraldia bertan behera geratu zen eta kanpoko denboraldia egingo den edo lehiaketarik izango den airean geratu zen. Federazio ezberdinekin harreman zuzena du Ostadar SKTko atletismo sailak, Amaia Andres entrenatzailea horietako kide baita eta jasotako berrien arabera, argi dute denboraldi honetan behintzat lehiaketa gehiagorik ez dela izango. “Ia ezinezkoa da kanpoko denboraldian lehiaketak antolatzea. Instalakuntzetan egon daitezkeen segurtasun tarteak baldintzatuta gaude”.
Hori dela eta, “mentalki gogorra den arren, pixkanaka 2020-2021 denboraldia nola antolatu pentsatzen hasi gara,” onartu du Goikoetxeak.
Ostadar SKTko beste ataletako kideekin ere harremanetan mantentzen direla aipatu du Goikoetxeak. “Beste atalekin bilerak egiten ditugu maiz eta animoak ematen dizkiogu elkarri”.
Bizi dugun egoera honen aurrean, herritarrei ere animoak bidali nahi dizkie Ostadar SKTko atletismo sailak. “Ziur berrogeialdiaren ostean sortuko den errealitate berrira azkar moldatuko garela”.