Egoera berri honek, itxialdira edo etxealdira eman gaitu. Bost aste daramatzagu etxetik irten gabe, helduok lanera eta haurrak ikastetxera joan gabe. Etxean, alabarekin asmakizunetara jolasten dut; ikusi makusi, zer ikusi? Egia esan hamaika ikusteko jaioak gara! Haur jolasik gabeko parkeak, hegazkin marrarik gabeko zerua, baratz eta soro belaze. Nork esango luke zakur-jabeak izango liratekeela kaleen jabe? Edo isiltasuna hain ozen entzungo genuenik?
Egoera berri honek gizakiak asmatutako sistema kapitalista hari batetik zintzilik jartzera eraman du; lantegi eta enpresak itxirik, aireportuak hutsik, ostalaritza eta turismoa izozturik… Baina gizakiak egoera berriei egokitzen badakiela erakutsi du, eta orain ere hala dirudi! Etxe aldi honetan, asmakuntza ederrak ditugula ikusteko beta izan dugu, hala nola, etxetik tele-lana egiteko aukera edo haurren etxekolanak ordenagailu bidez egitearena. Familia eta lagunak ere inoiz baino gertuago ditugu bideo-deiei esker, teknologia aurrerakuntza, horren lagungarri.
Baina dena asmatuta dagoela dirudien sasoi honetan, balkoietara begiratu besterik ez dago, jendeak zer irudimen eta sormen duen itxialdiari ahalik eta hobekien erantzuteko. Argi dago gizakia asmakuntzatan iaioa dela. Orain, ea nork asmatzen duen birus hau nork asmatu zuen, zergatik asmatu zuen, zertarako asmatu zuen eta zein ondorio utziko dizkigun…ederra asmakizuna!