Kirola Lasarte-Orian

LOKE judo: "Lan egiteko indar eta gogo gehiagorekin itzuliko gara. Borrokara ohituak gaude, gure egunerokoa da"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 28a, 12:30

Lasarte-Oriako kirol elkarte guztiak bezala, LOKE elkarteko atal ezberdinak itxialdi egoerarekin zer gertatuko den zain daude euren jardunarekin jarraitzeko. Elkarteko Judo ataleko arduradun Gorka Aristegirekin solasaldia izan dugu, judokek itxialdia nola daramaten jakiteko

Judoko atalak denboraldiko momentu erabakigarrienean pairatu zuen jardunaren etena. Martxoa eta apirilean Euskadiko, zein Espainiako txapelketak jokatu behar zituzten kirolariek. Badakite borroka kirola izanik, azkenak izango direla lanean hasten, baina itxaropentsu daude urteko azken hiruhilekoan antolatu daitezkeen lehiaketei begira.

Gorka Aristegi entrenatzaileak pena handia du. LOKEko judokek denboraldi ederra zuten aurretik, “Denboraldi ona zen, emaitza politekin eta aukera handikoa,” onartu du prestatzaileak. Baina Koronabirusaren hedapenak eta itxialdiak denboraldiko helburuak zapuztu ditu eta denboraldiko une gorenean gainera. “Euskadiko, zein Espainiako txapelketak jokatu behar ziren martxoa eta apirilean…”. Baina kontziente da lehiaketa baino gauza garrantzitsuagoak daudela, bizitza eta denboraldiari jarraipena eman edo berria hasterakoan indar gehiagorekin itzuliko direla argi du. “Borrokara ohituak gaude, gure egunerokoa da”.

Urte amaieran berriro lehiatzen

Hala ere, LOKEko judo atala kirol arloan geldirik dagoela jakitera eman digu Aristegik. “Kirolari zaharrenei borondatezko entrenamenduak bidali zaizkie, baina ez dugu inongo jarraipenik egiten”.

Izan ere, borroka kontaktu kirol izanik, jardunean hasiko den azken kiroletakoa izango dela baitakite. Espainiako federazioak helarazitakoaren arabera, guztia ongi bidean, urteko azken hiruhilekoan antolatuko dira txapelketa nagusiak. “Nahiko baikor agertu da federazioa aurreikuspen horrekin”. Horregatik, itxaropentsu agertzen dira aurtengo hainbat helburu mantendu ahalko dituztelako.

Kirolariekin harremana mantentzen du baina “lagun bezala” eta ez dute erronka edo lehiaketarik antolatu. “Gu ez gara lehiaketak edo erronkak antolatu edo egitekoak, ‘gatzgabeak’ gara. Judoak kontakturik gabe bere funtsa galtzen du, bideoak bezala ikustea izango litzateke, eta gu fisikoki behar gara, hau da, kontaktua behar dugu bizirik sentitzeko”.

Elkartearen lana

Kirol arloan lanik ez, baina teknikoki LOKEko zuzendaritzarekin harremanetan dago Aristegi eta elkarteak aurrera egin dezana beharrezkoa dena egiten dute.

Lan horrekin lotura kirol elkarteak hartutako erabaki bat nabarmendu nahi du judo arloko arduradunak. “Ez dugu egokia ikusi kuotak mantentzea kalitatezko zerbitzua eman ezin badugu. Profesionalak izaki, egoera onartzen dugu eta gure ikasle eta euren familietan eragina izan ez dezan nahi dugu. Kirol taldeak ez du, beraz, diru iturririk jasoko, irabaziak zero izango dira eta batzuk kirol profesionalak gara”.

Hau guztiaz gain, LOKEko judo atala itxialdiaren ostean, lan egiteko eta borrokarako indar eta gogo gehiagorekin itzuliko dela argi du Aristegik.

Era berean, mezu bat du herritarrei zuzendua: “Guztiak zoriondu nahi ditugu erantzukizunaren eredu izateagatik eta itxialdi zail hau betetzeagatik. Batez ere, jarduera handira ohituak dauden kirolariei”.