Itxialdia baino lehen, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan edo gimnasioan egunero ikusi ahal genituen Buruntzaldea IKTko kirolariak lanean. Egun kirol jarduera guztiak etenda daude. Igerilekua itxita dago eta Buruntzaldea IKTko kirolariak etxean entrenatzen ari dira.
Kirolari gehienek entrenamendu fisikoak egitearekin nahiko dute forman mantentzeko, baina Buruntzaldea Igeriketa Kirol taldeko Borja Apeztegia entrenatzaileak nabarmendu duenez, “igeriketa oso kirol espezifikoa da eta urik gabe ezin da errendimendu maila bat mantendu”.
Etenak gainera, lehiaketa garrantzisuak bertan behera geratzea ekarri zuen, Espainiko zein Euskal Herriko txapelketak, eta igerilariek epe laburrean finkatutako helburuak ezin gauzatzea ekarri du. Baina Apeztegiak “zikloei buruz hitz eginda, pertsona desberdinek izan ditzaketen helburuei heltzeko oraindik ere badugu denbora eta egoera honek ere gauza onik izango duela uste dut” atxiki du.
Buruntzaldea IKTk lau urte zikloetan lan egiten duela azaldu du jarraian. “Guk epe luzera lau urtetako zikloetan egiten dugu lan, normalean olinpiar zikloetan eta ziklo horien amaieran egoten dira helburu nagusiak. Datorren denboraldia zikloaren hasiera berria litzateke eta beraz, bakoitza bere helburuetan, lanean hasteko momentu berri bat izango da”.
Eta alde positiboa ere ikusten dio egoerari. “Momentu hau denboraldi-aurre luze bat egiteko erabiliko dugu ziurrenik”.
Izan ere, bada alde negatiborik. Alderdi teknikoak moldaketak egin behar izan ditu taldeak eta igeriketa taldeko hiru langileak ABEEE egoeran daudela jakitera eman du elkarteko arduradunak. Hala ere, teknikariak “borondatez” harremanetan daude eta egoeraren inguruan hausnarketak egin edo talde barruko dinamikak sortzen laguntzen diote arduradunari.
Dinamikak
Horrela, igerilariak aktibo mantentzeko helburuarekin maila federatuetako adin ezberdinetarako dinamikak sortu dituzte. Epe laburrean gainerako multzoekin ere, benjamin aurre, benjamin, alebin eta master maila, dinamikak “sortu edo hobetu” ahal izateko ideia eta planteamenduak egiten ari direla aurreratu du. “Helburua pertsona hauek aktibo mantentzea da, eserita edo etzanda egoteko ordu mordoa dute eta horrek gorputzaren aktibazio maila asko jaisten du,” adierazi du Apeztegiak.
Taldeko kideak Facebook bidez ari dira lanean eta horretarako, bi talde sortu dituzte, bat publikoa txikiagoentzat eta bestea pribatua handiagoentzat. “Bertan egunero dinamika desberdinak planteatzen ditugu eta txikien taldeak martxa gutxiago duen arren, handiena oso dinamikoa da eta oso gauza politak ateratzen ari dira”.
Taldeak proposatzen dituen jarduerez gain, igerilariek beste batzuk euren kabuz egiten dituztela ere jakitera eman du, baita gehienek bizikleta erabiltzen dutela ere. Apeztegiak onartzen duen bezala, “momentu honetan guretzat gauza guztiek laguntzen dute eta esan bezala, garrantzitsuena aktibo mantentzea dela uste dugu. Horrekin batera jarduera fisikoak egoera psikologikoan dituen onurak doaz eta, are gehiago taldean bideo-dei bidez egiten badugu”.
Taldean lan egitea garrantzitsua da Buruntzaldea IKTko arduradunarentzat. “Igeriketa banaka lehiatzen da baina hori denboraldiaren %5-10ean gertatzen da. Gainontzeko guztian talde kirola da, talderik gabe igeriketa ia ezinezkoa litzatekeela esatera ausartuko nintzateke”.
Horregatik, bideo-dei bitartez, azken urteko alebinekin, infantilekin, juniorrekin eta absolutuekin astean behin elkar ikusten saiatzen direla jakitera eman du Apeztegiak. “harremana nahiko konstante eta dinamikoa da. Batzuetan hitz egiteko elkartzen gara eta beste batzuetan zuzenean elkarrekin ariketak egiteko. Eta hori ere psikologikoki oso garrantzitsua dela uste dut”.
Horregatik, erronka ugari ere burutu dituztela onartu du, “Batzuk gizarte sareen bidez bideoz zabaldu ditugu beste batzuk oraindik ez, baina uste dut jarraian daramagun hirugarren astea dela”.
Zalantza ugari
Bestalde, egunean mantentzeko aktibitate handia izan du Buruntzaldea IKTk Gipuzkoako beste igeriketa klubekin, baita Gipuzkoa zein Espainiako federazioarekin ere. “Herriko beste elkarteren batekin eta alderdi politiko desberdinekin ere izan dugu harremanik”.
Izan ere, beste kirol taldeen antzera, zailtasun handi batekin aurkitu baita talde, erabakiak hartzeko beharrezko den informaziorik ez izatea. Denboraldia etena dago, ez dakite noiz sartu ahalko diren uretara, ezta udako denboraldia edo itsas zeharkaldiak egin ahalko dituzten ere.
“Ziurtasun-gabezia handiz betea dago denboraldia, baina oraingoz uretara itzuli gaitezkeen data posibleak kontsideratuz egiten ditugu planteamenduak. Denboraldi amaiera atzeratu edo ez, horretarako lehiaketak erabili edo ez, itsas zeharkaldiei eutsi, denboraldia amaitutzat eman,... ziurra den ezer ez dakigunez oso zaila da, baina planteamenduak egiten ditugu”.
Horregatik, udako denboraldiak edo itsas zeharkaldien zirkuitua martxan jarriz gero, baldintza batzuk eman beharko liratekeela uste du Apeztegiak. “Aste batzuk lehenago kirolariek igeri egiteko aukera izan behar dutela, kiroldegiak ireki edo igerilekua erabiltzeko aukera behar da, antolaketara baldintzak eta baimenak...”.
Eta puntu horiek gauzatzeko zalantza ugari dagoenez, Kirol elkarteak ekainean antolatzen duen Lasarte-Oriako Saria ere bertan behera geratu daitekeela onartu du. “Ezer baztertu ez badugu ez ere, oso zaila iruditzen zait aurtengo edizioa aurrera eraman ahal izatea”.
Hau guztiaz gain, Buruntzaldea IKTk herritarrei animoak helarazi nahi dizkiete. “Gauza gehienak taldean eta taldearen laguntzaz lortzen da, gizarte bezala taldean hartzen ari garen neurri hauek guztiak bezalaxe. Zentzu horretan taldeko norbanakoaren papera ezinbestekoa da taldearen helburua erdiesteko eta horretan jarraitzeko animoak bidali nahi dizkiogu herritarrei. Egun bat gehiago egun bat gutxiago da!”