Positibo berri bat erregistratu dute Lasarte-Orian, bederatzi, Beterri-Buruntzan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 26a, 15:35

Larunbatean atzemandako kasu berriekin, COVID 19ak kutsatutako 37 lagun daude Lasarte-Orian; 154, Beterri-Buruntzan. Euskal Autonomia Erkidegoan 183 baieztapen izan dira azken 24 orduetan.

Koronabirusaren pandemiaren amaierak gero eta gertuago dirudi. Datuak baikor izateko modukoak direla uste dute agintariek, eta beherako joera mantentzen bada, datorren larunbatetik aurrera itxialdia lasaitzeko neurriak abiaraziko ditu Espainiako Gobernuak. Esaterako, atari zabalean kirola egin edo paseora ateratzeko aukera izango dute herritarrek, beti ere, mugekin.

Edonola, Lasarte-Oriari dagokionean, azken egunotan gorakada izan da kutsatuen kopuruan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratutako datuen arabera, atzo, beste egiaztapen bat izan zen. Hala, 37 dira COVID-19ak eragindako herritarrak. Eskualdean ere positibo berriak izan dira: Astigarragan, lau; Andoainen eta Hernanin, bina.  

Kopuru metatuetan, 154 lagun kutsatu dira azken asteetan. Herriz herriko banaketa honakoa da:

  • Hernani:46
  • Andoain: 41
  • Lasarte-Oria: 37
  • Astigarraga,:12
  • Urnieta: 11
  • Usurbil:7 

Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo, 20:00ak arte, 183 baieztapen berri izan ziren. 40, Gipuzkoan; 104, Bizkaian; eta 39, Araban. Hori horrela, guztira, 14.315 lagun kutsatu ditu koronabirusak. Lurraldeka hala banatzen dira: Gipuzkoan 2.596 positibo daude, Bizkaian, 8.129, eta Araban, 3.590.

Probei dagokienean, 7.318 egin zituzten: 4.423 PCR eta 2.895 test azkar. 

Osatu eta alta jaso dutenen kopurua ere baikor izateko modukoa da. 9.602k sendatu dira, kasu positibo guztien % 67. Ospitaleratuen kopuruak ere murrizten jarraitzen du. 702 dira gaur, atzo baino 67 gutxiago. Donostiako Ospitalean, 82 lagun daude, 60 gelan eta 22 Zaintza Intentsiboko Unitatean. 

Tamalez, 18 lagun ere hil dira azken orduotan. Pandemia piztu zenetik 1.230 heriotza eragin ditu koronabirusak. 

Txosten berritua
Eguneroko txostenean hainbat aldaketa egin ditu Osasun Sailak, “informazioa modurik argien eta ulergarrienean emateko”. Hala, batetik, egindako probei buruzko datuak bereizita agertzen dira. PCR-ak pertsona batek birusa duen edo gaixo dagoen adierazten du; test azkarrak, aldiz, pertsonaren immunitatea. Halaber, kasu positiboen zenbaketa globala egiten da, pertsona bakoitzaren positiboa behin bakarrik kontatuta.

Ospitaleen egoera modu bisualagoan erakusteko R0 indizeari (oinarrizko ugalketa kopurua) buruzko datua gehitu dute. Alegia, gaixo dagoen pertsona batek zenbat lagun kutsatzen dituen adierazten du 
Datu horiez guztiez gain, positiboen adinaren eta sexuaren araberako banakapena jasotzen du txostenak, baita lurraldearen, osasun-eremuaren eta udalerriaren araberakoa ere. Hilgarritasuna ere aztertzen du eta pandemiaren bilakaera aztertzen lagunduko duten grafikoak gehitzen dituzte.

Erlazionatuak