Lasarte-Oria EH Bildu udal taldeak aste honetako Bozeramaile-Batzordean udal gobernuari egindako proposamenen berri eman du ohar baten bidez. "Lehentasunetan sakondu, aurrera begirako erronkak identifikatu eta ekiteko" garaia dela uste du eta elkarlanerako prestutasuna berritsi dio udal gobernuari.
- Batzorde eta pleno telematikoak egiten hastea, “alderdiek partaidetza politikoa izan eta aldibereko komunikazioa ziurtatzeko”.
- Larrialdi mahaia osatzea. Errealitate honek eragingo dituen egoerak ezagutu eta inplikatutako agente guztiekin lehentasunak zehazteko eta erabakiak hartzeko.
- Udalarekin harremana bermatzeko bitarteko telematiko eta ez presentzialak jartzea.
- Tokiko ekoizleen merkatua mantentzea, segurtasun neurriak hartuta; beharrezkoa bada gune berriak sortuta eta erraztasunak emanda.
- Politika sozialei dagokionean, diagnostikoa egitea ezinbesteako dela uste dute. Egungo egoerari eta aurrera begira sortuko direnei aurre egiteko beharrezkoak diren "baliabide ekonomiko eta pertsonalak ezartzeko".
- Bideratzen dituen kontratu eta hitzarmenetan erantzukizunez jokatzeko eskatu diote udal gobernuari, "hainbat lanpostutan, jarduera ekonomikoan, kulturgintzan, elkarteengan eta ergaileengan eragina izango duelako eta haien jarduna baldintzatuko duelako".