COVID-19ak kutsatutako beste lasarteoriatar bat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 25a, 13:06

Bigarren egunez jarraian, gora egin du koronabirusak eragindako herritarren kopuruak. Jada, 36 positibo atzeman dituzte Lasarte-Orian. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 14.132 kutsatu daude, atzoko 352 egiaztapenak gehituta. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdian egin du COVID-19aren hedapenari buruzko eguneraketa. Ohi bezala, atzo 20:00ak arte izandako bilakaeraren berri  eman dute eta datuak xehatuta bildu dituzte txosten batean. 

Nekane Murga sailburuak azaldutakoaren arabera, honakoa da EAEko egoera: 14.132 lagun kutsatu ditu koronabirusak, 2.556, Gipuzkoan; 8.025, Bizkaian, eta 3.551, Araban. Azken 24 orduetan, 352 positibo berri atzeman dituzte, 57, Gipuzkoan; eta horietako bat Lasarte-Orian. Bigarren egunez jarraian gora egin du egiaztapen kopuruak; guztira, 36 dira kutsatutako lasarteoriatarrak.

Ostiralean orain arteko proba kopuru handiena egin zuten, 4.968 PCR proba eta 4.441 test azkar, eta baieztapenak % 7 izan ziren, "oso baxua", Murgaren ustez. 

Halaber, 19 heriotza berri erregistratu ziren atzo EAEn. Horiek gehituta, 1.212 dira COVID-19ak hiru herrialdeetan eragindako heriotzak. Edonola, ospitaleen egoerak hobera egiten jarraitzen duela nabarmendu du Murgak. Atzo 32 pertsonak jaso zuten alta. 

 

Erlazionatuak