“Kosta egiten zait adjektibo apropos bat aurkitzea egoera hau guztia esplikatzeko, benetan”. Meka Leku akademiako irakasle Lurdes Rodriguezen hitzak dira. “Sartzen ditugun lan orduak esponentzialki igo dira, klaseak moldatu behar izan ditugu egun batetik bestera, gure lan egiteko metodologia erabat aldatu behar izan dugu… Zaila eta gogorra izan da”. Egin kontuak: klase presentzialak ematen dituen akademia honek, ikasleekin kontaktu zuzen hori edukitzea ezinbestekotzat duena, bere metodologiaren funtsa delako, whatsapp bidez eta ordenagailu bidez egiten ari da lan orain, ezinbestean. “Gure lana egiteko modua online egiten jarraitzea ezinezkoa zen; duela bi hilabete hau guztia kontatuko balit norbaitek, ez nioke sinetsiko”.
Pasa da hilabete eta erdi ordutik, eta gauzak aldatu dira. Moldatzen ari dira egoera berrira, irakasle, ikasle eta gurasoak. Teknologia berriak erabilita, bai, baina, eraginkortasuna mantentzeko, batez ere, irudimena: “Imajinazioa izan da gakoa gure lana, gure klaseak eta saioak moldatu eta egokitzeko, ez teknologia”.
Zailtasunak izaten dituzte batzuetan saioak-eta koordinatzeko, taldekoak direnak batez ere, ikasle guztiak direlako desberdinak eta guztiek dauzkatelako premia eta baliabide konkretu batzuk. “Zaila egiten da eurak kontzentratuta mantentzea: sartzen da arreba baten gelara, bestearen anaiak telebista pizten du, gurasoak kozinatzen hasten dira… Baina tira, ahalegin handia egiten ari gara guztiok, eta moldatzen ari gara”. Gurasoei “aipamen berezia” egiten die Lurdesek: “Maisu bihurtu dira bat-batean, hainbat oztopo gaindituta: itxialdiak eragindako tentsioa, lan arazoak eta ekonomikoak, materiak ez ezagututzea, eta, zenbait kasutan, hizkuntzarekin arazoak izanda, eta euren seme-alaben aldez aurretiko jarrera onik gabe”.
"Ahalegin handia egiten ari gara guztiok, eta moldatzen ari gara"
Kurtsoaren fase erabakigarria
Aste Santuko oporren bueltan, ikasturtearen fase erabakigarrian sartu dira ikasle eta irakasleak. Eta nabaritzen da. “Batez ere Batxilergoa egiten ari diren ikasleengan antzematen dugu urduritasuna eta estresa; hori dena eta euren jarduna kudeatzea zailagoa da pantaila bat erdian dagoenean”, nabarmendu du Lurdesek. Ikasleek “momentuak eta momentuak” dituztela dio irakasleak, eta batzuetan nabaritzen dituela nerbioso, triste eta nekatuta, baina azpimarratu du “sekulako ahalegina” egiten ari direla kurtsoa aurrera ateratzeko, eta lortuko dutela: “Batzuei gutxiago kostatzen zaie eta beste batzuei gehiago, baina denak ari dira egoera berriari neurria hartzen; ikaragarria da gaztetxoek egoera desberdinetara egokitzeko daukaten gaitasuna”.
Urduritasuna, ezinegona, kezka… Sentimendu horiei kutsu negatiboa har diezaiekete irakurleek, baina Lurdesek dio ez duela esplikatzen egoera ikuspuntu ezkor batetik: “Hemendik urtebetera errepasatuko dugu orain egiten ari garen esfortzu guztia, eta, benetan diot, irudituko zaigu ez dugula horren gaizki egin; inor ez zegoen prestatuta, hezkuntzari ere sekulako kolpea eman dio koronabirusak”.
"Hemendik urtebetera errepasatuko dugu orain egiten ari garen esfortzu guztia, eta, benetan diot, irudituko zaigu ez dugula horren gaizki egin"
Meka Lekuko irakasleak euren esku dagoen guztia eta gehiago egiten ari dira euren ikasleei laguntzeko. “Hamabi eta hamalau ordu artean sartzen ditugu egunero, jaiegunak desagertu egin dira, eta, normala den bezala, ikasleek gero eta behar gehiago dituzte, egoera den ezohikoagatik, gero eta laguntza gehiago eskatzen digute. Eta horretarako gaude gu, laguntzeko, gure lana da”.
Ziklo aldaketak
“Nire inguruko zenbait pertsonarekin hitz egin dut honi buruz, eta ez dute horren argi ikusten, baina nik bai: ziklo aldaketa egingo duten ikasleek [LH6tik DBHra edo DBH4tik Batxilergora pasako direnak, esate baterako] joan beharko lukete utziko dituzten eraikinetara eta klaseetara, eta irakasle zein ikaskideei agur esateko aukera izan ere bai”. Lurdes Rodriguezen hausnarketa. Uste du klase presentzialak ez direla irailera arte hasiko berriro, baina oso garrantzitsua da bere ustez ikasleek etapa horiek itxi ahal izatea. “Psikologikoki eragin diezaieke horrek; nire iritziz, gera dakieke hutsune bat”. Datorren urtean zikloz aldatuko ez direnen kasuan ez du horren beharrezkoa ikusten; “opor luze” batzuen gisan interpreta dezakete klasera fisikoki horrenbeste denboraz joan ez izana.
Egoera zaila da, desberdina, berria. Lurdesen iritziz, ez da positiboa, baina negatiboa ere ez. “Aldaketa sakon guztiek bezala, sortzen dute estresa eta urduritasuna, baina uste dut guztiok ari garela moldatzen egoerara, eta aterako dugula ikasturtea aurrera, harrotasunez begiratu behar dugu atzera: gaizki eginak aztertu, eta ongi egindakoak kontuan hartu”.