Bizkaian Zalla-Güeñeseko, Muskiz eta Abanto Zierbanako herritar eta elkarteek eta Gipuzkoan Zubieta-Lasarte-Usurbilgoek euren indarrak batu dituzte kutsaduragatik osasun alarma jotzeko, igande honetan.
Harvardeko unibertsitateko ikerketa batek airearen kutsadura covid19aren hilkortasuna areagotzearekin lotu ostean egin dute deialdia; Covid19ak sorrarazitako hilkortasunean kutsadura nabarmen ari dela eragiten baieztatu du txostenak. Horregatik egin dute deialdia. Eguerdiko 12:00etarako jarri dute hitzordua, eta helburua da Euskal Herriko udalerri guztietan hegazkinen aurkako sirenak entzunaraztea, (balkoi eta leihoetan jarritako bafle edo anplifikadore bitartez) , edota kazuelekin zarata ateratzea. Leihoetan, balkoietan eta terrazetan tela beltzak jartzeko ere eskatu dute.
Gernikako bonbardaketaren eta lehengo Sobiet Batasuneko Chernobylgo istripu nuklearraren urtemuga egunena izango da igande hau, eta horregatik aukeratu dute protesta egun horretarako deitzea.
Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, kutsaduragatik munduan 5,5 milioi pertsona baino gehiago hiltzen dira, horietatik 800.000 Europan eta 40.000 Espainian. Euskal Herrian, berriz, urtean 2500 pertsona inguru.
Kutsadura handiagoak Covid19ak eragindako hilkortasun handiagoa eragiten du
Harvardeko T.H Chan fakultateak apirilaren 5ean argitaratu duen txostena, non gorago aipatutako partikulen igorpena Covid19ak eragindako hilkortasunarekin lotu dute. Ikerketa horretan Ameriketako Estatu Batuetako 3000 konderrietako datuak bildu dituzte, eta Covid19aren ondorioz gertatutako heriotzen %90 gertatu dira, 2020ko apirilaren 4ra arte. Hortaz, ondorioztatu dute Covid19a askoz hilkorragoa dela zenbat eta kutsadura gehiago dagoen lekuetan.
Zehazki, aztertu dituzte beren tamaina txikiagatik biriketan sakon sartzen diren partikula finen eraginak, eta azaldu dute partikula horiek biriketatik gainerako organoetara banatzen direla zirkulazio sistemaren bitartez. Horrela, bihotz-biriketako "gaitz kronikoak" sorrarazten dituztela azpimarratu dute (Biriketako Gaixotasun Kroniko Buxatzailea, BGKB esaterako) eta baita minbizia sor dezaketen alterazio genetikoak ere. Proiektuaren zuzendari eta egile Francesca Dominici medikuaren hitzak ere ekarri dituzte: “lortu dugun ondorio garrantzitsuena da azken 15-17 urteetan AEBetako konderrietan kutsadura maila altuarekiko esposizioan egon diren pertsonek Covid19aren ondoriozko hilkortasun indize askoz handiagoa dutela. Kopuru bat ematearren, deskubritu dugu unitate bakar bat gehitzeak suspentsioko partikulen esposizio luzeko batez bestekoan, Covid19aren ondoriozko hilkortasun tasan %15eko igoera dakarrela, gure analisien arabera.”
Hilkortasun igoera hori “harrigarria" da, orain arte egindako ikerketekin konparatuta, izan ere, partikula horiekiko esposizioan luze egoteak dakartzan ondorioen beste gaixotasun kausa batzuen arteko erlazioa %0,7koa zen, eta PM2,5 partikulekiko esposizioaren eta Covidekiko hilkortasunaren arteko erlazioa, berriz, 20 aldiz handiagoa dela ere jakinarazten du txostenak. “Jendea luzaroan aire kutsatua arnasten aritu da eta badakigu suspentsioko partikula finekiko luzaroan esposizioan egoteak biriken hantura eragiten duela, eta potentzialki sistema kardiobaskularra. Horretaz gainera, pertsona horiek Covid19a harrapatzen badute, ez da harritzekoa haien bilakaera klinikoa okerragoa izatea, aurretik ere jasan dutelako material partikulatuen eragina, eta logikoa da hartutako neurrien emaitza okerragoa izatea aire garbiko konderri batean bizi izan diren pertsonena baino” adierazi du proiektuaren egile nagusiak.
Beste ikerketa baten datuak
Carlos III.a Institutua AEMET Agentziarekin elkarlanean garatzen ari den azterlaneko datuak ere jarri dute mahai gainean. Ingurumenaren kutsadura Covid19aren zabalkundean izaten ari den eragina aztertzen ari dira eta halaber, gaixotasuna larriagotzean, bereziki material partikulatuaren kontzentrazioengatik.
Ikerketa horiek oinarri hartuta, herritar elkarteek botere publikoen erreakzioa eskatu dute, eta egungo politikak "birplanteatzeko" eskaera egin. Horretarako Zubietako proiektua "berehala eteteko" galdegitearekin batera, Petronorrekoaren itxiera eta desegitea eta Gueñeseko Biomasa erretzearen jarduera bukatzea ere eskatu dute, kutsadura aldetik "deseskalatzen hasteko lehen neurri gisa".
Horrekin batera, osasuna eta ingurumena lehenesteari buruzko gizarte elkarrizketa irekitzeko, "hondakinen kudeaketa publiko eta jasangarriaren alde egingo duena erabakimenez, eta era berean trantsizio energetikoaren alde, interes ekonomiko pribatuen aurretik".