Beste positibo bat Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 19a, 13:26

Euskal Autonomia Erkidegoan 12.569 lagun kutsatu ditu COVID-19ak. Azken ordutean 214 baieztapen izan dira, horietako bat, Lasarte-Orian. Hala, 31 dira gaixotutako herritarrak. Edonola, positibo berrien kopuruak murrizten jarraitzen du. 

Alarma egoera eta hari lotutako itxialdia, gutxienez, beste bi astez luzatzeko erabakia ezagutarazi zuen bart Espainiako gobernuak. Beraz, maiatzaren 9a arte orain arteko murrizketak mantenduko dituzte, nahiz eta neurriak malgutzeko aukerak aztertzen ari diren. Haurrek, esaterako, hilaren 27tik aurrera kalera irtetea izango dutela aurreratu dute, baldintzak oraindik zehazteke badira ere.

Pandemiaren txarrena igarota den ezin da jakin, baina baikor izateko zenbait datu badira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian ezagutarazi duen txostenean. Kutsatuen ehunekoak behera egiten jarraitzen du egunetik egunera. Atzo, 3.481 test egin zituzten, orain arteko kopururik handiena, eta horietatik %5a bakarrik izan ziren positiboak. Kopuru osoetan, 214 positibo atzeman zituzten 20:00ak arte. Bizkaian, 142, Araban, 37 eta Gipuzkoan, 35. Horietako bat, Lasarte-Orian. Baieztapen berri horrekin, jada, 31dira koronabirusak kutsatutako lasarteoriatarrak.

EAEn, 12.569 dira kutsatuak. Lurraldeka, Bizkaian daude gehien, 7.010; Araban, berriz, 3.231 dira, eta Gipuzkoan, 2.328. Ospitaleratuen kopurua ere behera doa, 999 dira; osatuak eta alta jaso dutenena, aldiz, gora: 6.972 dira. 

Herrikoa da Beterri-Buruntzako positibo berri bakarra. Egoera, beraz, atzoko bera da. Hernanin 41 kutsatu daude; Andoainen, 34; Urnietan, 11; Astigarragan, 8; eta Usurbilen, 7. 

Erlazionatuak