Afrikako haurtzaroa zaintzeko sortutako elkartea da Mukwano Lagun. 2006. urtean Sabin Gabilondo, Jinja Bujagali-ra (Uganda) piraguan ibiltzera joan eta bertako beharrak ikusita hasi zen lanean. Dentista gisa, osasun arloan hasi zen laguntza eskaintzen, baina gehien behar duten haurrei oinarrizko beharrak asetzeko ere aritu da lan eta lan; lotarako lastairak, mantak eta eltxo-sareak banatu ditu Bujagaliko familien artean. Urte gutxiren buruan “argi” ikusi zuen haurren eskolaratzeak lehentasuna behar zuela, eta “poliki-poliki”, elkartea sortu, eta forma hartzen joan da, gaur arte. Egun Nursery eta Primary eskolak, Secundary eta goi mailako eskolatarako bekak izateaz gain, osasun zaintzako saila ere osatu dute. Guzti hau Jinjako Nefaha elkartearen eskutik burutzen du Mukwano-Lagun elkarteak.
Nefaha, Familia eta Osasun sentsibilizazio Sarea da; Ugandako Gobernuak legalki aitortua dagoen elkartea da. Emakume alargunek sortu zuten inguruko umezurtz eta kaleko umeen laguntzeko, eta gaur egun, Mukwano-Lagun elkartearekin batera Bujagali eta inguruko herrietako garapena eta oinarrizko laguntzak bideratzen ditu. Zuzendaritza batek osatzen du elkartea eta Bujagalin bertan, proiektua ikuskatu eta zuzeneko jarraipena egiteaz arduratzen da.
Jinja Bujagali biztanleria handiko zonaldea da. Jinja distrituan kokaturik dago eta Jinja hiriburutik 12 kilometrotara eta Kanpala, Ugandako hiriburutik 84 kilometrotara. “Biztanleria handiko zonaldea izanik, gaixotasun asko topatu daitezke, eta, ondorioz, umezurtz tasa altua da”, azaldu du Karmele Salsamendi Mukwano Lagun elkarteko kide lasarteoriatarrak. Uraren adibideaz jarri du: “Uraren kalitate txarrak edo edangarria ez izateak kolera eta diarrea bezalako gaixotasun kroniko ugari sortzen ditu”. Gaixotasun horien ondorioz, pertsonen hilkortasuna handitu egiten da, “bereziki umeen kasuan”. Jarri dizkio zenbakiak azalpen horiei: “Ugandan umeen hilkortasun tasa bizirik jaiotako 1.000 umetatik 69koa da. 2.012 urteko datuak hartzen baditugu, Jinjako distrituan 501.300 biztanle zeudela kalkulatzen da eta bataz besteko adina 15,9 urtekoa zen”. Gaineratu du haurren “zaurgarritasuna oso altua” dela: “Haurrekiko tratu txarrak, esplotazio fisiko eta sexuala eta abandonua ere ohiko dira”.
Biztanleriaren %63a nekazaritza lurraldeetan bizi da eta nekazariak dira nagusiki: “Nekazaritza eta abeltzaintza dira Bujagaliko oinarrizko jarduerak, baina norbere kontsumorako aritzen dira batez ere”.
“Duela pare bat urte”, Urtzi Agirretxe lasarteoriatarraren bitartez ezagutu zuen Salsamendik elkartea, eta jostuna denez, bere laguntza eskaini zuen. Bujagalin, eskolako jarduera gisa joskintza tailer bat zutela ikusi, eta bertakoekin hitz eginda, motxila hartu eta Bujagalira joan zen. Alaitz Aizpurua usurbildarrarekin egin zuen topo han, eta hark azaldu zizkion Bujagalin martxan zeuden proiektuak.
Horrela, egun batzuk pasata Jinjara joan ziren, eta oihalak erosi zituzten. Horiekin poltsak egiteaz gain, konpresen proiektua ere martxan jarri zuten. “Emakumeek euren higiene pertsonala zaintzeko jarri genuen martxan, eta nerabeen artean ere banatu genituen”.
“Bizipen handia” izan zen hura Salsamendirentzat, eta irakatsi baina gehiago ikasi egin zuela azpimarratu du. Orduz geroztik “hartu emanean eta kolaborazioan” jarraitzen du elkartearekin, eta Lasarte-Orian duen estudioan, Ugandako oihalekin eginiko hainbat produktu saltzen ditu. Uistin kalean duen estudiotik pasatzeko deia luzatu die herritarrei.
Elkartearen helburu nagusiak
Mukwano Lagun elkarteak (Nefaharekin elkarlanean) helburu ezberdinak ditu, baina hiru lerro nagusitan banatzen dira: osasuna, hezkuntza eta komunitatearen garapena. Horrekin batera, emakumeekin egien den lana ere azpimarratzekoa dela uste du Salsamendik.
“Osasunari dagokionean, eskolako haurren oinarrizko osasun zaintza egiten dugu”. Horretarako, urte osoan zehar erizain batek egiten du lan bertan, eta berarekin batera, osasungintzan aritzen diren mediku, erizain, dentista eta fisioterapeuta boluntarioen “ekarpen handia eta laguntza” izaten dute. “Oinarrizko tratamenduez gain, malaria edo diarrea dutenak, edota parasitoekin kutsatutako kasuak ospitalera bideratzen ditugu, eta zenbait kasutan interbentzio edo ebakuntzak ere egin izan ditugu”.
Gaixotasun kronikoak edo larriak (paralisia adibidez) dituzte haur eta familien egoera “bereziki larria” dela azpimarratu du herritarrak: “kasu gehienetan, bere gain hartu ezin duten luxua bihurtzen da familia horientzako umeen zaintza”. Horregatik, azken urteetan Nefaha eta Mukwano Lagun elkarteak famili hauei ikusgarritasuna eta “zaintza sozio-sanitarioa” eskaintzen die. “Astero arroza, irina, babarrunak, azukrea eta xaboia bezalako oinarrizko produktuak ematen dizkiegu, baita beharrezko zaizkien sendagaiak ere”. Errehabilitazioa behar dutenen kasuetan ere garraiorako gastuak ordaintzeko laguntza ematen diete.
Ikerketa batean oinarritutako datuen berri eman du Salsamendik: “2-5 urteko umeen artean dagoen desnutrizio tasa %9,6ko da eta %21,2 ez da gutxieneko pisua edukitzera iristen, eta lehen bost urte bitarteko heriotzen 2/3ak desnutrizioa pairatzen duten umeen artean gertatzen dira. Heriotza horiek gehienak, ordea, elikadura eta garapen ekonomiko egoki batekin ekidin daitezke, desnutrizioak garapen immunologiko eta kognitibo desegokiak eragiten dituen infekzioak sorrarazten baititu. Ezinezkoa da hezkuntza egoki bat eskaintzea egoera honetan dauden haurren artean ez baitute garapen neurologiko egokia izan”.
Hezkuntzan ere eragiten du elkarteak. “Bost umeetatik ia bat analfabetoa da Ugandan, baina are larriagoa da egoera nekazaritza guneetako nesken artean”. Haur askorentzat “ezinezkoa” da ikasketak amaitzea, eskola ordaintzeko “zailtasunak” baitituzte. Horregatik, 5 eta 14 urte arteko ume eta gazteen %36a lan egitera behartua izaten da, “etxeko ekonomian laguntzeko, edo umezurtzak direnen kasuan, bizirauteko”. Halere, Lehen hezkuntzako 350 gaztetxo joaten diren eskola bat dauka elkarteak, Haur eskolako 125 haur joaten diren bigarren eskola bat ere bai. Horretaz gain, Bigarren hezkuntzan, Lanbide heziketa eta unibertsitatera joaten diren 50 ikasle ditugu bekatuta.
Osasunarekin eta hezkuntzarekin batera komunitatearen garapenaz ere arduratzen da Mukwano Lagun, eta bertan, boluntarioek egiten dituzten proiektu ezberdinak kokatzen dituzte. “Horien helburu nagusia Bujagaliko komunitatearen ahalduntze eta garapena da norberetik edo etxetik abiatuta, baina, horretarako, ordea, oinarrizko beharrak asetzea beharrezkoa da, hala nola, etxebizitza, eguneroko janaria edota arropa eta zapak”.
Beste hainbat proiekturen artean, “ahuntzen minikredituak” eta oilategi bat jarri ere jarri dute martxan “arrautzak lortu eta haur eskolako gosarian – Porridgea – proteinak gehitzeko”. Arropa, zapatak eta eskolako materialak ere banatzen dituzte komunitateko kideen artean, eta eskolan liburutegi berri bat ere ireki dute. Emakumeen ahalduntzea lantzeko “josteko tailerra” sortu dute eta Salsamendik azaldutakoaren arabera “proiektu berezia” izan da; emakumeak ahalduntzeko “tresna bikaina”. Aipamen berezia ere egin nahiko izan dio, lastairai, manta eta eltxo-sareen banaketari: “Malariaren prebentzioan hartu litekeen neurri eraginkorrena da, urte guztia hauetan 1,000 lastaira manta eta eltxo-sare banatu ditugu”.
Koronabirusak are gehiago zaildu du Bujagaliko egunerokoa
Koronabirusak “erabat” aldatu du Bujagaliko egunerokoa. Lehen kutsadura kasuak agertu aurretik hartu zituzten neurriak: “Eskolak, taberna eta elizak itxi zituzten, eta janari-denda eta merkatuak bakarrik daude irekita”. Garraio publikorik ere ezin dute erabili, ezta taxi moduan ibiltzen diren furgonetarik ezta motorrik ere, eta gehienek ez dute garraiobide pribaturik.
Hemen bizitzen ari garen konfinamenduaren antzeko neurri bat ere ezarri diete Bujagalin. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera ezin dute etxetik kanpo egon, eta egoera “are zailagoa” da birusa agertu zenetik. “Ugandan jendeak ez dauka janaria biltegiratuta, ezta aurreztutako dirurik ere, egunean egunekoarekin bizi dira eta guzti honek gosea adierazten du. Jatekoa bilatzea ere zaila egiten zaie egoera honetan. Lanik egin ezean, zaila da egunean eguneko elikagaiak topatzea eta soilik baratza bat daukanak izango du jatekorik”.
Momentuz Ugandako datu ofizialen arabera 54 kasu diagnostikatu dituzte eta ez da heriotzarik erregistratu. Halere, Salsamendik azaldu duenez Ugandako osasun sistema “oso mugatua” da, eta diagnostikoak egiteko dituzten baliabideak ere “oso urriak”. Hori kontuan izanik, “datu errealak beste batzuk” izan daitezkeela uste du lasarteoriatarrak.
Azoka solidarioa Euskal Herritik laguntzeko
Ugandan mugak ixten ari zirela ikusi zutenean jabetu ziren horrek bertako herritarrengan ekarriko zituen ondorioez. Horrela, elkarteko zenbait kide batu, eta Bujagalitik ekarritako oihalekin “produktu ezberdinak” egiten hasi ziren, “dirua bildu eta bertako herritarrei laguntzeko”. Tote bag poltsak, nezeserrak, diru-zorroak, maskarak eta ilerako osagarriak egin dituzte, besteak beste.
Hasiera-hasieratik jaso duten erantzuna “oso ona” izaten ari da: “jende askok agertu du produktuak erosteko interesa”. Horren gain, euren eskulanak edo produktuak emateko prest agertu den jendea ere “asko” izan dira, eta hori kontuan hartuz, laguntzeko hiru bide jarri dituzte: egitasmoa sare sozialetan partekatzea; egindako eskulanak egitasmoari eman eta azokan salgai jartzea, eta salgai jarritako produktua erostea. “Harrituta” daude jendeak eta marka ezberdinak izaten ari diren parte-hartzearekin: “Seguruenik etorkizunean gauza gehiago egingo ditugu, kaleko azoka edota ekitaldiren bat”. Bigarren eskuko arropa eta liburuak ere eskuratu daitezke azokan, baita eskulan hainbat ere.
Hauek dira egitasmoan parte hartu duten artista eta artisauak:
- Vera Coloretes : Afrikar oihalekin eginiko belarritakoak
- Agara Aguirre : Zilarrezko bitxiak
- MimoZ Koadernaketa : Eskuz egindako koadernoak
- Itzal diseinua : Eskuz estanpatutako osagarriak
- Tilin Talan : Aluminio eta kobrezko bitxiak
- Double use : Aterkiekin eginiko poltsak
- Marrak : Artistaren bere marrazkiak koadro eta telazko poltsetan
- Kimuri : Eskuz margotutako kamisetak eta osagarriak
- Susana : Zirriborro eskulan tailerra
- Blanca : Erretratuak eta marrazkiak
- Kool : Turbante eta makillajea kentzeko toallatxoak
- Sorginen baratza : Ukendu naturalak
- Izan Inurri : Minbizia modu zuzen edo zeharkakoan jasaten duten pertsonei laguntzen dien proiektua
Azoka solidarioan parte hartu nahi duenak, elkartearen sare sozialen bidez jar daiteke Salsamendirekin harremanetan; Facebooken Mukwano lagun orrialdean eta Instagramen, berriz, Mukwanolagun-en. Horrez gain, telefono zenbaki bat ere eman du elkarrizketatuak: 600352871.
Egitasmo horren bidez lortutako diruarekin Bujagaliko 30 familia “behartsuenen” elikagaiak eta xaboia erostea da helburua. “Orain arte zazpi familiei urte osoan zehar ematen genien laguntza hori, eta horrekin batera, eskoletako mantenua eta bertako maisuen soldataz arduratu gara. Orain familia geroz eta gehiago izango dira behar hori izango dutenak”.