Axier Arteaga: "Motzak egiten zaizkit egunak"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko api. 19a, 12:00

Etxean entrenatu, gradu amaierako lana aurreratu, hizkuntza berriak ikasi... Etekina ateratzen ari zaio itxialdiari Axier Arteaga pilotaria (Lasarte-Oria, 1996). Frontoietan aritzea eta bertako giroa faltan botatzen ditu Baiko enpresako aurrelariak: "Konturatu naiz pilotak zer esanahi daukan niretzat; bizitzako pasioa da".

"Egunekoan egunekoa egiten dut, nire esku dagoen guztia, eta, gero gerokoak". Axier Arteaga pilotaria etekina ateratzen ari zaio koronabirusak sortutako egoerari, pilotalekuetara entrenatzera eta jokatzera joatea debekatuta dagoen arren. Baliatzen ari da konfinamendua "barrura begiratzeko", eta bere errutinako zenbait gauza aldatzeko, ikusteko ea zer datorkion ongien: "Entrenamenduetan eta elikaduran moldaketa batzuk egiten ari naiz". 

Baraualdiekin probatzen ari da: 13:00ean bazkaldu, askaldu arratsaldean, eta 20:00ak aldera afaldu. Hurrengo egunean ez du ezer jaten 13:00ak arte. Itxialdiari ekin aurretik hasi zen formula hori probatzen, promozioko binakako txapelketatik at geratu eta berehala, buruz burukoa prestatzen hasi zenean –alerta egoera dela eta, bertan behera geratu dira momentuz konpetizio horiek eta beste guztiak–. "Hasieran 12:00ak arte egoten nintzen baraurik, eta orain ordubete gehiago luzatzea erabaki dut, ikusi dudalako ongi doakidala". 

Forma fisikoa mantentzea da kirolariaren beste zereginetako bat: muskulazioa eta indarra lantzen ditu goizetan, eta anaerobikoagoak arratsaldean, abiadura eta erresistentzia lantzekoak, besteak beste. Etxeko terrazan aritzen da pilotarekin, eskuak egiten.

Itzulera, progresiboa

Etxeko paretak ez du zerikusirik pilotalekuarekin, baina, momentuz, eskuak bertan egitearekin konformatu behar. "Izugarri" faltan botatzen du Arteagak pilotalekura joatea, eta ez daki noiz izango den posible errutina horri ekitea berriro. "Erabaki hori hartzea ez dago gure esku eta ez dizkiot buelta asko ematen, baina, nire ustez, progresiboa izango da itzulera: entrenatzen hasi aurrena, eta partidak jokatzen gero, zalerik gabe harmailetan hasieran". 

Astebururo lehiatu behar izateak, dena den, baditu zenbait abantaila. Arestian esan bezala, Arteaga probak egiten ari da, eta aldaketak egiten bere egunerokoan, ikusteko zer datorkion ongien. "Gure egutegia ez da horren zurruna orain: ia automatikoki egiten genituen gauzak lehen, asteak oso programatuta geneuzkalako, asteburuetako partidetari begira, eta ezin genituen horrenbeste aldaketa egin gure prestaketan".

24 ordurekin aski ez

Konfinamendua aproposa izan daiteke norbere buruari begiratzeko, eta bizitzari buruz hausnartzeko, oro har. "Itxialdian konturatu naiz pilotak zer esanahi duen niretzat: bizitzako pasioa da". Hori da Arteagak atera duen ondorietako bat. Dena den, denbora larregi ez daukala dio. eta motzak geratzen zaizkiola egunak: "Entrenatzeaz gain, heziketa fisikoko ikasketak egiten ari nauz unibertsitatean, eta GRAL Gradu Amaierako Lana aurreratzen ari naiz, eta ingelesa ikasten ere bai". Baikon  ritzen da aurrelari lasarteoriatarra, eta "askotan" hitz egiten du enpresa horretako beste pilotariekin. "Itxialdia ez daramate oso ongi batzuek, diote oso luzea egiten ari zaiela; beste batzuei ez zaie hori pasatzen, eta niri ere ez".

Covid-19 gaixotasunak aldatu du pilotari lasarteoriatarraren errutina, baina ez besterik: "Pribilegiatua sentitzen naiz, nire ingurukoak, familia eta lagunak, ongi daudelako, eta koronabirusak ez dituelako harrapatu".