Koronabirusaren hedapenari buruzko datuen eguneraketa egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdian. Atzo, 20:00ak arte, jasotako datuekin osatu duten txostenaren arabera, COVID-19ak kutsatuak 12.355 dira EAEn: 2.293, Gipuzkoan; 6.868, Bizkaian eta 3.194, Araban. 2.999 proba egin zituzten eta % 91ren emaitza negatiboa izan zen. Beraz, 266 pertsonek jaso zuten baiezkoa: 27k Gipuzkoan, 201ek Bizkaian eta 38k Araban.
COVID-19a duten pertsonen artean, 1.076 ospitaleratuak daude, bezperan baino 67 pertsona gutxiago. Gipuzkoan, 238 pertsona artatzen ari dira; Bizkaian, 664 pertsona eta Araban, 174. Kopuru horri lotuta, Nekane Murga sailburuak nabarmendu du apirilaren 1ean zeudenen % 40 baino gutxiago dela; eta joera mantenduz gero, Osakidetzaren jarduera asistentziala berreskuratzen hasiko direla. ”Beti zuhurtzia handiz, normaltasuna berreskuratzen joateko”. Halaber, Osakidetzako profesional guztiei test azkarrak egingo zaizkiela jakinarazi du.
Pandemia piztu zenetik, 1.020 dira koronabirusak hiru herrialdeetan eragindako heriotzak, atzo erregistratutako 28 hildakoak batuta. Osatuak edo alta jasotakoak, aldiz, 6.556 dira,
Beterri-Buruntzan, positibo berri bat izan da azken orduetan, zehazki, Andoainen. Hori horrela, Lasarte-Orian kutsatu kopurua bere horretan mantentzen da, guztira, 30 dira COVID-19a duten herritarrak. Eskualdean, berriz, metatutako positiboak 131 dira. Hernanin, 41; Andoainen, 34; Urnietan, 11; Astigarragan, 8; eta Usurbilen, 7.