Koronabirusaren hedapenari buruzko datuen eguneraketa jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzoko 20:00ak arte bildutako datuekin osatu dute gaurko txostena ere.
Horren arabera, 12.089 kutsatu daude EAEn: 2.266, Gipuzkoan; 6.667, Bizkaian eta 3.156, Araban. Atzo 299 pertsonek probaren baiezkoa jaso zuten: Gipuzkoan, 36; Bizkaian, 226 eta Araban, 38.
COVID-19a duten pertsonen artean, 1.143 ospitaleratuak daude. Gipuzkoan, 258 pertsona artatzen ari dira; Bizkaian, 698 pertsona eta Araban, 187.
Atzoko 20:00ak arteko datuen arabera 36 heriotza berri erregistratu dituzte, eta guztira, 992 dira koronabirusak hiru herrialdeetan eragindako heriotzak.
Heriotza datuen harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak nabarmendu du egoitzetako egoerak lehentasuna duela. Sailburuaren hitzetan, "egunez egun ari gara lanean biztanlerian, orokorrean, eta gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen kasuan, bereziki, transmisioa geldiarazteko".
Datu horri kontrajarrita, kutsatuei, ospitaleratuei eta ZIUetako okupazioari buruzko datuen bilakaera positiboa aurkeztu dute. Ospitaleratuen beherako norantza azaltzeko Arabako Unibertsitate Ospitalearen adibidea jarri du sailburuak. Pandemiaren hasieran koronabirusak gehien zigortu zuen ospitalea zen eta une hauetan gehiago dira COVID-19a ez duten pertsonen ospitaleratzeak COVID-19a dutenenak baino.
Lasarte-Orian ez dago kutsatu berririk, hortaz, atzora arteko kutsatuen kopuru bera mantentzen da. Guztira 30 herritar daude COVID-19arekin.