Koronabirusaren hedapenari buruzko datuen eguneraketa jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzoko 20:00ak arte bildutako datuekin osatu dute gaurko txostena ere.
Horren arabera, 11.790 kutsatu daude EAEn: 2.230, Gipuzkoan; 6.442, Bizkaian eta 3.118, Araban.
Astelehenetik asteartera 315 positibo berri izan dira: Gipuzkoan, 69; Bizkaian, 203 eta Araban, 43. Atzoko 20:00ak arteko datuen arabera 54 heriotza berri erregistratu dituzte, eta guztira, 956 dira koronabirusak hiru herrialdeetan eragindako heriotzak. Orain arte, 5.813 pertsona osatu direla ere jakinarazi dute.
Ospitaleratzeek behera egiten jarraitzen dutela azpimarratu du Osakidetzak; atzo herenegun baino 63 pertsona gutxiago zeuden ingresatuak.
Lasarte-Orian ez dago kutsatu berririk, hortaz, atzora arteko kutsatuen kopuru bera mantentzen da. Guztira 30 herritar daude COVID-19arekin.