Ertzaintzak larrialdi egoerari buruzko neurriek merkataritza arloan eta mugikortasun arloan herritarrengan sor ditzaketen kezkak erantzun nahian, askotariko galderak batzen dituen dokumentua argitaratu du. Erakundeek hartutako erabakien arabera moldatzen joan da eta azken asteko neurriak kontuan izanik eguneratu dute txostena.
Azken zehaztapenen artean, azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara erosketak egitera joatea baimenduta dagoela jakinarazi dute, betiere, saltokia ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik ohiko bizilekura doan ibilbidean badago.
Garraio publikoetan, erabiltzaileek derrigorrez metro eta erdiko distantzia edo ahal bada bi metroko distantzia gorde behar dutela nabarmentzen da. Eta distantzia hori sarbideetan eta geltokietako itxaron gunean gordetzea komeni dela azpimarratzen dute.
Merkataritza arloan, esate baterako, osasun neurri batzuk errepetatuz, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta herrietako ohiko merkatuak egin ahal direla zehazten dute. Salbuespen bat ezarriz: "Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta
abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizional batzuk aldi baterako etenda geratuko dira, hain zuzen, jai-girokoak edo gizarte- eta aisialdi-izaera dutenak".
Baratzera osasun jarraibideak jarraikiz lan egitera joan daitekeela ere argitzen dute. Betiere, bigarren bizileku bateko baratza ez bada. Era berean, baratzaren gunean ekitaldi berezirik edo ospakizunik egin ezin dela zehazten dute.
Eta eraikuntzako lanei dagokionez ere zeinbat kezka argitu dituzte. Neurrien arabera, "eraikinetan ezin da esku-hartzerik egin, baldin eta bertan obrarekin berarekin erlaziorik ez daukaten pertsonak baldin badaude. Salbuespen bakarra da obrak sektorizatuta badaude edo konponketak presazkoak badira". Fatxadak konponketen kasuan ere ezinbestekoa izango da aurreko betekizunak betetzea.