Joko Olinpikoak Tokion egin behar dituzte –NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak berriki iragarri du 2021era arte atzeratuko dituztela–, edo Arranbide kalean? Arranbide 2020? Hala dirudi, atzo arratsaldean egin baitzuten kirolaren festa handi hori bertan bizi diren lasarteoriatarrek. Igerilariz, tenis jokalariz...mozorrotu ziren auzotarrak, eta arratsalde ederra pasa.
Iragan asteburuan, berriz, Iruñera joan ziren, bertako festak ospatzera: sanferminak egin zituzten, pregoi, kanta, jantzi, zezen eta bestelako elementuekin. Ez dago argi oraindik zer gertatuko den festa horiekin; momentuz ez dute data atzerapenik iragarri. Uztailaren 6tik 14ra ospatuko lirateke moldaketarik ezean.
Askorena plaza
Kale Nagusia 51 eta Goikaleren artean dagoen plazatxoa, Askorena, ekimen askoren bilgune bihurtu da konfinamendua hasi zenetik. Bertako auzotarrek ospatu dituzte baita ere sanferminak, Inauteriak, auzoko DJaren urtebetetzea, bingoa, eta beste hainbat.
Ordu luzez etxean egon behar dugun honetan, imajinazioa dantzan jarri dute auzo bateko zein besteko lasarteoriatarrek. Irudimena ez baitago konfinatuta.