"Koronabirusak sortutako egoera honetan, are agerikoagoa da bidaia agentzien balioa"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko api. 22a, 10:35
Noaoa bidaiak agentziako langileak astean bitan joaten ari dira bulegora; beste egunetan etxetik egiten dute lan, koronabirusak eragindako egoera tarteko. Argazkia: Noaoa bidaiak.

Noaoa bidaiak etxetik ari da lanean egun hauetan nagusiki, eta Hipodromo Etorbideko bulegora astean bitan joaten dira langileak, nahiz eta kanpora begira ateak itxita dauden, Covid-19ak eragindako egoera tarteko. Martxoa eta apirila (ia) pasata, maiatzeko eta ekaineko bidaiak kudeatzen ari dira: "Osasun krisia hemen lehertu aurretik hasi ginen hizketan bezeroekin", adierazi du agentziako langile Garbiñe Martijak. Itxialdia maiatza erdialdera arte luzatuko dela uste du, "gutxienez", baina alde onari begiratu behar zaiola dio: "Koronabirusaren egoerak are argiago utzi du bidaia agentzien balioa". 

"Lasaitasuna eta malgutasuna". Hori eskaintzen die Noaoa bidaiak agentziak beraiengan konfiantza jarri duten pertsonei, koronabirusak sortutako egoera honen aurrean. "Aurrea hartu genion krisiari, eta hona iritsi aurretik hasi ginen bezeroekin hizketan", nabarmendu du Martijak. Hori dela eta, egun hauetan ez dituzte alarma mezu asko jaso, nahiz eta pertsona bakoitzak "era desberdin batean" erreakzionatzen duen. 

"Bagenekien Aste Santua bete-betean harrapatuko zuela osasun krisi honek; hala ere, lortu dugu bidaia gehienak atzeratzea, ez ditugu horrenbeste utzi bertan behera". Martxo eta apirileko irteerak kudeatu dituzte dagoeneko, eta maiatza eta ekaineko bidaiekin ari dira orain, edo, Martijak dioen moduan, esperientziekin. "Ez ditugu joan-etorriak bakarrik eskaintzen, elementu gehiago ere bai, bidaia bat egitearen ilusioa, esate baterako; ez da transakzio ekonomiko huts bat, esperientzia askoz osatuago bat baizik".

Etxetik lanean

"Poliki-poliki" ari dira lanean bezeroekin, egoera aztertzen eta kudeatzen, e-mail bidez eta etxetik, gehienbat. "Arraroa da egoera, lan egiteko modua desberdina baita, baina ongi moldatzen ari gara", azaldu du Martijak. Uste du guztiok jarri behar dugula gure hondar aletxoa, birusaren hedapena eten eta krisia gainditze aldera. Espainiako Gobernuak esan zuenean funtsezkotzat hartzen ez zituen jardueretako langileak berriro lanean has zitezkeela, astean bitan joaten ari dira Hipodromo Etorbidean daukaten bulegora lanera. 

Bezeroekin bakarrik ez, Noaoa agentziako langileek hitz egiten dute aire konpainia eta hotelekin, etengabe. "Saturatuta daude konpainiak; goiz oso bat pasa dezakegu telefonotik zintzilik". Protokoloak aldatu eta aldatu ari dira, eta horrek ziurtasun eza areagotu dezake agentzia eta bezeroengan. Airelineak ari dira bonuak eskaintzen bidaiariei, bat-batean ingresatutako diru guztia bueltatu behar ez dezaten. "Porrotera joango lirateke enpresa horiek bestela". Bidaia esperientziak Internet bidez hartu edo agentzia baten bitartez, desberdintasunak ikusten ditu Martijak: "Gu gaude harremanetan etengabe konpainia eta hotelekin, esperientzia daukagu, malgutasuna eta erraztasunak eskaintzen dizkiegu bezeroei, ezegonkortasun egoera horretan hori behar dutela iruditzen zait".

Bidaiak hartzerakoan, ekonomiari begiratu behar zaiola dio Martijak, "zalantzarik gabe"; baina baita beste elementu batzuei ere, dendaostekoak direnei: esperientziari, kudeaketari, eskainitako zerbitzuari... "Alde onari begiratu behar zaio: uste dut egoera honek are ageriago uzten duela agentzien balio gehigarri hori".