Sergio Humada: "Poz pixka bat eraman nahi dugu herritarren etxeetara"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko api. 15a, 11:39
Txitxardin jatetxeko ateak itxita daude, baina sukaldeko suak piztuta. Argazkia: Txitxardin jatetxea.

Beste hainbat denda, komertzio eta taberna bezala, herriko jatetxeak ere itxita daude, eta hutsik jangelak. Hilabete daramate horrela, oraingoz. Egoerari aurre egite aldera, soluzio desberdinak bilatzen ari dira. Txitxardin jatetxeak, adibidez, ez ditu sukaldeko suak itzali; etxez etxeko zerbitzua eskaintzen ari da, Sergio Humada chefak jakinarazi duenez. "Arrain zopa eta tripakiak eskatzen dituzte gehien bezeroek".

Pasa den urteko irailean berrireki zuen Sergio Humada chefak (Donostia, 1984) Txitxardin jatetxea, Casa Humada egitasmo berritzailearen zutabeetako bat. Covid-19ak eragindako osasun krisia tarteko, ateak itxita ditu Oria Etorbideko lokalak, baina sukaldeak ez: etxez etxeko zerbitzua eskaintzen ari dira, bezeroek Txitxardineko mahaietan eseri ezin duten honetan, euren etxeetan goza dezaten gastronomia tradizionalaz. 

Covid-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ateak itxi dituzue, jantokiak hutsik daude, baina suak piztuta. Etxez etxeko zerbitzua martxan jarri duzue. Zein helbururekin?

Guk lantzen dugun gastronomia tradizionala eraman nahi dugu herritarren etxeetara. Telefonoz eta whatsapp bidez jasotzen ditugu eskaerak, 662 066 679 telefonoan. Txartel edo Bizum bidez kobratzen dugu, eta osasun protokolo eta neurri guztiak betez bidaltzen ditugu platerak eta edariak. 

Duela gutxi ekin diogu proiektuari, eta nahi dugu herritarrek nor garen ezagutzea. Egoera hau bizitzea tokatu zaigu orain. Gure langileak mantendu nahi ditugu, eta, batez ere, poz pixka bat eraman bezeroen etxeetara.

Zer eskaintzen duzue kartan?

Tripakiak, bakailaoa pil-pil erara, izokin-salpikoia, langostinoak edo antxume besoa dira eskaintzen ditugun jakietako batzuk, eta horiez gain, hauek: menestra, kaneloiak, kokotxak edo oilasko barrubetea. Ardo ugari eskaintzen ditugu baita ere, hamabi, %40ko deskontuarekin, jatetxeko prezioekin alderatuz. Horrez gain, beste hainbat produktutan ere beherapen hori aplikatzen dugu.

Harrera ona izan du zuen zerbitzuak Lasarte-Orian?

Batez ere Donostialdea eta Tolosaldeako bezeroekin ari gara lanean, baina bai, herritarren batek edo bestek hots egin digu honezkero. Sare sozialen bitartez ari gara gure ekimenaren berri ematen.

Zeintzuk dira gehien saltzen ari zareten jakiak?

Arrain zopa eta tripakiak, zalantzarik gabe. Txitxardinen beti eskaintzen ditugun plateretako bi.

Karta bat egin duzue, baina prest zaudete baita ere bezeroek egindako beste proposamen batzuk kozinatzeko. Jaso al duzue iradokizunik?

Bai, asko. Sukaldari profesionalak garenez, bezero asko animatzen ari dira kartatik at dauden platerak eskatzera. Kokotxak, patata tortilla, legatz barrubetea, kremazko hostopila... Jendeak nahi duen edozer presta dezakegu gure sukaldean.

"Jendeak nahi duen edozer presta dezakegu gure sukaldean"

Zenbat pertsona ari zarete lanean?

Sukaldari bat arduratzen da eskariak prestatzeaz txanda bakoitzean. Horrez gain, kudeatu eta banatu egiten ditugu. Hiru pertsona ari gara lanean.

Koronabirusa dela eta, osasun protokoloa zorroztu duzue? Aldaketarik egin duzue alor horretan?

Osasun krisiaren aurretik protokolo eta higiene baldintza sistema oso zorrotza ezarrita geneukan, eta apenas egin dugun aldaketarik. Egun eta aste hauetan, bakarrik ari gara lanean, eta maskarila eta eskularruak erabiltzen ditugu kozinatzeko eta eskariak banatzeko.

Nola eramaten dituzue eskariak bezeroen etxeetara?

Prestatutako jakien poltsak edukiontzi isotermikoetan sartzen ditugu, eta eskatu duenaren etxera iritsi arte ez da berriro irekitzen. Lan hori egiten duenak maskarila eta eskularruak eramaten ditu. Tinbrea jo, eta bertan uzten diogu eskatutakoa bezeroari, berarekin harreman zuzenik izan gabe, aurrez ordaintzen baitute guztiek.

"Bezeroaren tinbrea jo, eta bere ate aurrean uzten dugu eskatutakoa, berarekin harreman zuzenik izan gabe"

Badirudi konfinamendua dezente luzatuko dela oraindik. Sasoian sasoiko produktuak elaboratzen dituzuela ikusita, kartan eskaintzen dituzuen jakiak aldatzeko aukera aurreikusi duzue?

Bai, udaberrian sartzen ari garelako, eta urtaro horretan hainbat produktu dira sasoikoak: ilarrak, esparragoak, zizak...

Gure etxeetan konfinatuta gauden honetan, mahaiaren bueltan eseri eta gastronomiaz gozatzea izan daiteke eguneko momentu berezienetako bat.

Bai, zalantzarik gabe. Asko gustatzen zaigu gastronomiaz gozatu eta kanpora irtetea bazkaldu edo afaltzera, familiarekin, bikotearekin... Orain ezin dugu hori egin. Herritarrei gastronomiaz gozatzeko beste aukera batzuk eskaintzea izan da etxez etxeko zerbitzua martxan jartzearen arrazoietako bat.

Casa Humada egitasmoa martxan jarri eta hilabete gutxira itxi behar izan dituzue ateak, koronabirusak eragindako egoera tarteko. Nola ari zarete bizitzen hau guztia?

Kolpe gogorra izan da, proiektuari ekin besterik ez diogu egin eta zabaldu egin nahi digu, eta bat-batean krisi hau etorri zaigu. Hala ere, ez gaude geldirik, eta datozen aste eta hilabeteetarako beste ekimen batzuk prestatzen ari gara, bizitzen ari garen eta biziko ditugun garaiei egokitze aldera.

"Bat-batean krisi hau etorri zaigu eta kolpe gogorra izan da, baina ekimen gehiago prestatzen ari gara garai berrietara egokitzeko"