Osasun larrialdiak aurrera jarraitzen du, eta horrekin batera baita itxialdiak ere; gutxienez hilaren 26ra arte.
Gaurtik aurrera, ordea, funtsezkoak ez diren industriako eta eraikuntzako zenbait lantegik ateak zabaldu dituzte, bi asteko etenaldia eta gero. Horretarako baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta milaka langile itzuli dira lantegietara Hego Euska Herrian. Apirilaren 9an bukatu zen Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez ziren jarduerak eteteko agindua, baina Aste Santuko jai egunak tarteko, gaur ekin diote jardunari berriz ere. Halere, zenbait lantegik itxita jarraitu beharko dute momentuz; egoerak behartuta bere jarduna aurrera ezin eramanagatik.
Enpresa askok normaltasunera itzuli nahi izan badute ere, gaurtik aurrerako egunerokoa orain artekoaren oso ezberdina izango da lantegietan; osasun larrialdiak iraun bitartean, langileek prebentzio neurri zorrotzak mantendu beharko baitituzte lanean aritu bitartean. Lantegi bakoitzak langileen segurtasunerako materiala jarri beharko du langileen esku, eta higieneari eta distantziari dagozkion neurriak ere hartu beharko dituzte. Lantegira joateko garraio publikoa hartu behar duten herritarrei garraio publikoko geltokietan banatuko zaizkie erabilera bakarreko maskarak.
Lasarte-Oriako Michelinen ere lanera itzuli da lantaldearen zati bat. BERRIA egunkariak emandako informazioaren arabera, tailerrera sartu aurretik sukarra ote duten neurtu diete langileei, eta ikastaro labur bat jaso ostean, langile bakoitzari segurtasun kita (maskarak eta eskularruak, besteak beste) emanda, bakoitza bere postuetara joan da.
Azken egunetan, langileak lanera itzultzeko hainbat bilera izan dituztela azaldu du Jon Martin Michelin-Lasarteko komiteko kideak. NAIZ Irratian egin ditu adierazpenok. "Kezkatuta gaude, gauza asko daudelako mahai gainean eta irekiera hau enpresak berak alde bakarrez erabaki duelako, guk ez diogu zentzurik ikusten eta kezkatuta gaude". Segurtasuna bermatu ezin daitekeela ere nabarmendu du. Gaineratu du uste dutela "goiz" dela lanean hasteko: "ez gaude prest lana modu ziurrean eta gizarteari eragingo ez dion moduan egiteko".
Sindikatuen salaketak
Prebentzio planak aurkeztu dituzten enpresak "oso gutxi" direla salatu du LAB sindikatuak, eta nabarmendu du egin dituzten tokietan, "lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko egin dute, ez langileen osasuna zaintzeko".
ELAk, berriz, kritikatu du Jaurlaritzaren protokoloa, "sindikatuekin ez duelako adostu". Salatu du baita ere, gobernuaren "obsesio bakarra" enpresak "nola edo hala" martxan jartzea dela, hori modu seguruan egiteko "baliabide eta konpromisorik" hartu gabe.