COVID-19ak beste bi lasarteoriatar kutsatu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 13a, 14:30

Euskal Autonomia Erkideagoan izandako positiboen ehunekoa "orain arteko baxuena" bada ere, Gipuzkoan gora egin du azken egunetan. Igandean, 96 izan ziren; bi, herrian. 

Koronabirusak 11.000 kutsatuen langa gainditu zuen atzo. Zehazki, arratsaldeko 20:00ak arte atzemandako 246 positiboak gehituta, 11.018 dira. Horixe jakinarazi du eguerdian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren hedapenari buruz egindako eguneraketan (datu guztiak gaurko txostenean ikus daitezke).

Egiaztatutako positiboen ehunekoak behera egiten jarraitzen du. Atzo 1.536 proba egin zituzten eta %16ra jaitsi da. Positiboen lurraldekako banaketan honakoa da: 15, Araban; 135, Bizkaian; eta 96, Gipuzkoan. Aipagarria da Gipuzkoako zenbatekoak gora egin duela azken lau egunetan. 

Baieztapen horietako lau Beterri-Buruntzan izan dira. Bi Lasarte-Orian eta bana Hernanin nahiz Urnietan. Hala, eskualdean metatutako positiboak 125 dira. 

  • Hernani: 40
  • Andoain: 31
  • Lasarte-Oria: 30
  • Urnieta: 9
  • Astigarraga: 8
  • Usurbil 7

Ospitalizazioen kopuruak ere beherako joerari eusten dio. Bezperakoarekin alderatuta, 34 lagun gutxiago daude ospitalean. Guztira, 5.026 dira osatu eta alta jasotakoak. 

Zoritxarrez, 27 hildako izan ziren atzo. Guztira, 831 heriotza eragin ditu gaitzak. 

 

 

Erlazionatuak