Agustin Valdivia alkateak udal taldeetako bozeramaileei jakinarazi zien eta ohar baten bidez ezagutarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza nahiz Enplegu sailburuei komunikazio bana bidali diela. Horien bidez, etxean Internetera sarbiderik ez dutenek COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz izan ditzaketen kalteen inguruko kezka adierazi die.
Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteri adierazi dio ikastetxe publikoetako ikasle askok ez dutela etxean behar adina baliabide –ordenagailua, inprimagailua edota Internetera sarbidea–, eta, ondorioz, ezin dute ikaskideen baldintza berdinean ikasi eta bidalitako lanak egin. Alkatearen ustez, "eten teknologiko garrantzitsu bat" sor liteke, hain zuzen ere, hura “saihestu eta hautsi” beharko lukeen hezkuntza publikoan; eta hori kontuan izatea eskatu dio neurriak hartzean. "Gobernuak ezin ditu milaka ikasle egoera horretan utzi erantzun egokirik gabe eta ondorio garrantzitsuak izan ditzake etorkizunean aukera berdintasunean".
Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabali, berriz, alarma egoera dela-eta diru sarrerak bermatzeko errenta eta larrialdiko beste laguntza batzuk eskatzeko dauden arazoen berri eman dio, izan ere, eskatzaileak izapideak telematikoki egin behar baititu eta behar ditzaketen askok, ordea, ez dute horretarako baliabiderik. Ondorioz, zaildu egiten da eskatzea, oinarrizko gizarte zerbitzuen karga handituz. Egoera aztertzeko eskatu dio sailburuari, “egun inoiz baino gehiago gure laguntza behar duten pertsona eta familiak presazko laguntzetatik kanpo ez uzteko”.