Baketik-ek gatazkak konpontzen laguntzeko zerbitzua abian jarriko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 13a, 12:58

Doako ahokularitza eta bitartekaritza zerbitzua eskainiko du COVID-19ak eragindako itxialdiak sortutako gatazketan laguntzeko. Telefonoz edo e-postaz eska daiteke laguntza. 

Itxialdian sortzen ari diren bizikidetza gatazketan laguntzeko helburuz aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua abian jarriko du Baketik-ek bihar.

Harremanetan eta elkarbizitzan zailtasunak dituztenei bideratuta dago: familiak, etxebizitza berean bizi diren pertsonak, eraikin edo komunitateko bizilagunak eta beste edonor. Arazo horietako batzuk konpondu edo arintzeko bitartekaritza tresnak eta laguntza emango dute. Besteak beste, komunikazio eta entzute tresnak erabiltzen, elkarlanean negoziatzeko tresnak aurkitzen edo denentzako akordio egokiak lortzeko gatazkak lantzen lagunduko diete.

Lehen deian, informazioa bildu eta beharrezkoa bada gatazka kudeatzeko aholkularitza emango dute. Ondoren, diziplina anitzeko taldeak kasua aztertuko du laguntza mota zehazteko. Bitartekaritza beharrezkoa bada, 60 minutuko saio bat egingo dute alde bakoitzarekin eta 90 minutuko saio bateratu bat. 

Zerbitzua konfidentziala da. Bitartekariek elkarrizketarako konfiantzazko gune bat sortuko dute eta aldeen arteko oreka mantendu. Baketiken konpromiso horiez gain, beharrezkoa da aldeen borondatea, prozesuarekiko konfidentzialtasuna eta konponbidea bilatzeko jarrera nahiz konpromiso pertsonala.

Laguntza eskatzeko: baketik@baketik.org helbidera idatzi edo zure datuak emanez mezua utzi 688 88 19 00 telefonora deituta.