Osasun Sailak ezagutzera eman du eguerdian Euskal Autonomia Erkidegoan pandemiak duen egoerari buruzko txostena, bezperako 20:00ak arte bildutako datuekin osatua. Positibo berrien kopuruak behera egin du ostiraleko igoeraren ondoren. Azken 24 orduetan, 1.464 test egin dituzte eta %83 negatiboa izan da. Hala, 257 baieztapen izan ziren: Gipuzkoan, 81; Bizkaian, 147, eta Araban, 29.
Kutsatu berrien kopuruak behera egin du, baina hildakoena azken hiru egunetakoa baino handiagoa da: 39 heriotza izan ziren atzo eta 804 dira orain arte hildakoak. Kasu honetan, erdia baino gehixeago (%54,3) 70 urtetik gorakoak dira.
EAEn 10.772 lagun kutsatu ditu koronabirusak. Lurraldeka 1.955 daude Gipuzkoan; 5.798, Bizkaian; eta 3.019, Araban. Gehienak 50 urtetik gorakoak dira (% 71,8), eta bereziki eragiten die, 50-59 urte artekoei (% 18,1).
Buruntza Beterriri dagokionean, hiru kutsatu berri atzeman dituzte; bi, Andoainen eta bat Lasarte-Orian. Eskualdean atzemandako positiboen metatutako kopurua 121 da, horietako 28 dira lasarteoriatarrak.
Ospitaletan 1.386 lagun daude. 127 alta eman zituzten atzo, eta jada, osatu nahiz alta jasotakoen kopurua 4.867 da. Donostia Ospitalean 134 gaixo daude, 93, gelan, eta 41 Zaintza Intentsiboko Unitatean.