Kutsatu berrien kopuruak gora egin du EAEn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 11a, 14:35

Euskal Autonomia Erkidegoan 412 COVID-19 kasu berri egiaztatu ditu Osakidetzak azken 24 orduetan, bezperan baino 118 gehiago. Haien artean ez da lasarteoriatarrik. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren pandemiaren egoeraren eguneraketa egin du eta atzo 20:00ak arte bildutako datuekin osatutako txostena argitaratu du. 

Dokumentu horren arabera, 10.515 kutsatu daude erkidegoan: 1.874 Gipuzkoan; 5.651, Bizkaian; eta 2.990, Araban. Ostegunetik ostiralera, beraz, 412 positibo berri izan dira. Bezperan baino 118 gehiago badira ere, egunean egindako 1.498 testen % 76 negatiboa izan zen. 

36 heriotza berri erregistratu zituzten ere, eta guztira, 765 dira koronabirusak hiru lurraldeetan eragindako heriotzak. Osatuak eta alta jaso dutenak berriz, 5.092 dira. 

Atzo 136 alta eman zituzte eta une honetan 1.381 pertsona daude ospitalean, joan den martxoaren 30ean baino 500 gutxiago. Donostia Ospitalean, 26 alta eman dituzte eta 126 dira bertan dauden gaixoak, 91, gelan, eta 41 Zaintza Intentsiboko Unitatean.

Lasarte-Orian ez da aldaketarik izan: 27 dira koronabirusak kutsatutako herritarrak. Beterri-Buruntzan ere antzera izan da. Kasu bakarra atzeman dute, oraingoan, Usurbilen. Beraz, metatutako kopuruak honakoak dira: Hernanin, 39; Andoainen, 29; Astigarragan, 8; Urnietan, 8; eta Usurbilen, 7. 

Erlazionatuak