COVID-19ak kutsatutako beste bi lasarteoriatar

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 10a, 12:50

Azken 24 orduetan 297 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, metatutako kopurua, beraz, 10.103 da. Lasarte-Orian koronabirusak kutsatutako 27 lagun daude. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren eguneraketa egin du eguerdian. Atzo 20:00ak arte jasotako datuen arabera, 10.103 kutsatu daude EAEn 297 positibo berri atzemanda: 47, Gipuzkoan; 210, Bizkaian eta 40, Araban. 1.677 proba egin zituzten eta horietatik %82 negatibo izan ziren. 

Lurraldeka metatutako kopuruan hauek dira: 1.803 kutsatu daude Gipuzkoan; 2.908, Araban; eta 5.392, Bizkaian. 

Alde baikorrean, 224 alta eman zituzten atzo eta  osatu nahiz alta jasotakoen kopurua 4.389 da. Halaber, ospitaleratuen kopuruak behera egiten jarraitzen du, nahiz eta 1.416 gaixo dauden EAEko ospitaletan. Donostia Ospitalean  144 kutsatu daude, 100 gelan eta 44 Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU). 

Tamalez, kutsatutako 40 pertsona hil dira azken orduetan. Orotara, 729 dira. 

Lasarte-Orian bi baieztapen berri izan ziren ostegunean. Hala, 27 dira COVID-19ak kutsatutako herritarrak, 35, Lasarte-Usurbil osasun eremuan. Beterri Buruntzan guztira bost positibo berri izan dira azken 24 orduetan. Herriko biez gain, bana, Andoainen, Astigarragan eta Hernanin. Metatutako kopuruak, beraz, hauek dira:

  • Andoain: 29
  • Astigarraga: 8
  • Hernani: 39
  • Lasarte-Oria: 27
  • Urnieta: 8
  • Usurbil: 6

Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du atzo heldu zela EAEra Eusko Jaurlaritzak erositako osasun material txinatarra, zehazki, 40 arnasgailu.Datozen egunetan banatuko dizkiete Donostiako (10) Gurutzetako (10) Arabako (8), Basurtuko (7) eta Galdakaoko (5) Unibertsitate Ospitaleetako ZIUei.

Erlazionatuak