Agustin Valdivia alkateak neurri sorta berri bat onartu du koronabirusaren pandemiaren eragin ekonomikoak arintzeko. Helburu bikoitza dute. Baliabide gutxien dituzten familiei lagunduko diete funtsezko produktuak eskuratzen, eta aldi berean, horrek herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan eragingo du, jasan duten negozioaren murriztea arinduz.
Hainbat esparrutako neurriak dira, Gizarte Zerbitzuak eta Sozioekonomia sailek kudeatuko dituzte, laguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta betekizunak arautzeko oinarriak lantzen ari dira.
Mirentxun COVID-19 bulegoa sortuko dute eta hainbat langile kontratatu: bi gizarte langile, bi administrari eta enplegu teknikari bat. Neurri horiek eta gerora onar daitezkeenak kudeatzeaz arduratuko dira.
Udalak martxan jarriko dituen neurriak hauek dira:
- Familientzako diru laguntzak, tokiko saltokietan oinarrizko produktuak erosteko: 200 eta 400 euro artean emango dira hilean, diru sarreren eta bizikidetza unitateko kideen arabera ezarriko den baremoaren arabera, 200 eta 400 euro artean emango dituzte hilean, beti ere, gastu finantzagarria Lasarte-Oriako saltokietan egin beharko da. Guztira, 400.000 euro bideratuko dituzte datorren astean onartuko den laguntza honetara.
- Udal zerbitzuen kuotak: Erabili ezin izan diren udal zerbitzuengatik kobratutako kuoten zati proportzionala itzuliko zaie erabiltzaileei: kirol zerbitzuak, musika eskola, ikastaroak…
- Tasen eta zergen ordainketa atzeratzea: Udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasa eta zergak hurrengo hilabetetan kobratuko dira.
- Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak mantentzeko laguntzak: Saltoki, ostalari eta zerbitzuei laguntzak emango zaizkie, alarma egoeran sortutako gastuak konpentsatzeko, izan ere, aldi baterako ixtea edo negozioa nabarmen jaistea eragin baitu. 100.000 euro bideratuko dituzte.
- Tokiko merkataritzaren kudeaketari laguntzea: Merkatari, ostalari eta zerbitzu pertsonalak ematen dituztenek eskura ditzaketen laguntzen berri emateko kanpaina egingo dute.
- Eremu publikoa okupatzeko tasa: Eremu publikoan terrazak jartzeko tasa ordaindu duten ostalariek konpentsazioa jasoko dute itxialdian egin ez duten erabileragatik.