"Herritar guztien ongizatea bermatzeko", hainbat proposamen egin dizkio EH Bilduk Udal Gobernuari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 8a, 14:32
Konfinamendua hasi aurretik EH Bilduk eskainitako prentsaurreko baten artxiboko irudia.

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren aurrean, Lasarte-Oriako EH Bilduk zazpi proposamen luzatu dizkio Udal Gobernuari, hiru ardatz oinarri hartuta: behar gehien duten pertsonak babestea, herritarrek eta enpresek pairatuko duten kalte ekonomikoa txikitzea eta udaletik egin daitezkeen urratsen koordinazioa eta komunikazioa egokia izatea.

"Etxean gaude, baina ez geldirik". Lasarte-Oriako EH Bilduk jakinarazi du proposatu dizkiola Udal Gobernuari zenbait neurri, koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko. "Elkarlanerako eta elkar zaintzeko unea da". 

Behar gehien dutenak babestea

Koalizio abertzalearen iritziz, "urgentziazko neurriak" hartu behar dira zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrak ezagutu eta asetzeko. Lasarte-Oriako Udalak erabaki du behar horiei erantzutea Gurutze Gorriarekin koordinatuz, baina EH Bilduk dioenez, ezarritako baldintzek ez dute bermatzen edozein herritarrek jasotzea laguntza hori. "Mugarik gabeko bide bat irekitzea proposatu dugu, beharra duen lasarteoriatar orori laguntzeko".

Horri lotuta, proposatu du adineko pertsonei banan bana deitzea, zer moduz dauden jakiteko, beraiek babesteko hartu diren neurriak azaltzeko eta laguntza emozionala emateko. "Udal Gobernua modu partzialean ari da hori egiten; ez da nahikoa". EH Bilduk eskatu du etxebizitzarik ez daukaten pertsonei buruzko informazioa biltzea, euren beharrizanei "ahalik eta lasterren" erantzuteko asmoz, baina salatu du ez duela erantzun argirik jaso udalarengandik. 

Eskolako jangela zerbitzua bertan behera geratu denez, zenbait haurrek ezin dute behar bezala elikatu euren etxeetan. "Ume horien egoera zaurgarriaren aurrean, zenbait neurri hartzea proposatu genion Udal Gobernuari, eta zenbait urrats eman diren arren, ardurak ez dituzte behar bezala hartu".

Eragin ekonomikoa

EH Bilduren aburuz, "ezinbestekoa" da diagnostiko bat egitea: jakin behar da herritarrei eta enpresei ekonomikoki nola eragingo dien osasun krisi honek. Aterpea Merkatarien eta Ostalarien elkartearekin hitz egitea proposatu du koalizio abertzaleak. "Harremanei ekin die udalak, baina sakondu egin behar dira horiek". 

"Diru-laguntzak martxan jarri behar dira, salbuespen egoerak ostalari, familia eta merkatariei eragiten ari den kalte ekonomikoei erantzuteko", adierazi du EH Bilduk. "Oraindik ez dugu erantzun argirik jaso".

Udalaren urratsak

"Larrialdi mahai bat eratzea proposatu dugu, herritarren beharrei garaiz erantzuteko, eragile desberdinei parte hartzera gonbidatuz, baina Udal Gobernuak ez du beharrezkotzat jo", nabarmendu du EH Bilduk. Bestalde, esan dute gauzatu duela udalak beraiek egindako proposamen bat: etxebizitza, denda eta farmazietan bando informatiboak jartzea. "Herritar guztiengana iritsi behar du informazioak, gutxien komunikatuta dauden horiengana, batez ere".

Koalizio abertzaleak eskerrak eman dizkie herritar guztiei, egun eta aste hauetan egiten ari diren esfortzu eta lanarengatik: nabarmendu dute "modu autoantolatuan" sortu den babes sarearen jarduna, eta ekimen hori babesten ari diren lasarteoriatarrena.