Michelin lantegia apurka hasiko da lanean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 11a, 11:34

Michelin enpresak Estatuan dituen lantegiak Aste Santuaren ostean lanean hasiko direla jakinarazi du. Ez dira, ordea, bat-batean tailer guztiak irekiko. Lasarte-Oriako fabrikari dagokionez, Kalandra eta NAZ/BAZ tailerrak tailerrak asteartean berrabiaraziko du produkzioa. Gainerako langileek ez dakite noiz hasiko diren lanean

Michelin enpresak lehengo ostiralean lantegien produkzioa apurka abiaraziko zuela jakinarazi zien sindikatuetako ordezkariei. Aste honetan, prestaketa lanak egiten egon dira fabrikan.

Data zehatza apirilaren 13a da. Egun hori EAEn jai eguna denez, asteartean hasiko dira lanean Lasarte-Oriako lantegian. Kalandra eta NAZ/BAZ tailerreko 100 langileak izango dira lehenak lanera bueltatzen. Aipatu legez, pixkanaka hasiko dute bere jarduna. Era honetara, hiru egunez lan egin eta produkzioa etengo dute. Apirilaren 20tik aurrera, ordea, modu jarraituan jardungo dira. Gainerako tailerrek oraindik ez dakite noiz abiaraziko duten lana.

Konpainiaren esanetan, lantegiek ezin dute denbora gehiago itxita egon, zenbait jardueretarako "oinarrizko euskarria" baitira. Enpresak oinarrizko jarduera egiten duten zenbait arloko hornitzaile dela argudiatu du: nekazaritza, Estatuko segurtasun indarrak, anbulantziak, suhiltzaileak, garraio publiko eta merkantzia garraioa.

Langileak berme guztiekin lanean has daitezen lantegietako enpresa komiteekin eta osasun sailekin lanean dagoela jakitera eman du konpainiak. "Agintariek zehaztutako neurriak eta horiek baino zorrotzagoak ere" hartuko dituela nabarmendu du.

Larrialdi egoerako erabakiak

Martxoaren 16an Michelinek Espainiar Estatuan dituen lantegiak itxi zituen. Hasiera batean iragarritako 8 eguneko itxiera Aste Santua amaitu arte luzatu da. Duela bi aste, gainera, osasun krisia amaitu arte langileei aldi baterako erregulazio espedientea ezarriko zitzaiela jakinarazi zuen enpresak.

Espedienteak iraun bitartean, soldata gordinen %80ra arteko kopurua Michelinek bere gain hartuko du. Gainera, oporraldien %100a errespetatuko zaie langileei, baita ezohiko ordainsariak zein antzinatasunak ere. Txandakako lanaldia duten langileak aldi baterako erregulazio txostenetik kanpo geratuko dira, eta horiekin batera, baita aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak eta amatasun edo aitatasunagatik bajan daudenak ere.