Koronabirusaren aurkako neurrien ondorioz, Andatzazpi elizbarrutiko elizak itxi ziren martxoaren amaieran. Aste Santua iritsi da. Garai berezia da elizatarrentzat. Denak batu eta Jesusen martirio eta berpizkundea ospatzeko egunak dira. Aurten, ordea, ez da ekimen berezirik egingo Lasarte-Oria eta Usurbilek osatzen duten elizbarrutian.
"Badakigu Donostiako hainbat elizetan elizkizunak egingo dituztela. Baina guk argi genuen behin ateak itxira, larrialdi egoerako neurriak jarraituz jokatuko genuela. Beraz, Lasarte-Orian ez da elizkizunik izango," azaldu du Lasarte-Oriako parroko Juan Luis Muruak.
Eliztarrak ezingo dira elizara joan, baina Vatikanoko San Pedro basilikan Aste Santuko liturgiak aurrera darrai eta garai honetako elizkizun eta ekitaldiak mundu osora igarriko dituztela gogoratzen du Lasarte-Oriako parrokoak.
"Ezin gara fisikoki elkartu. Baina bihotzez bai. Mundu osoarekin bat egiteko modu bat izan daitezke Vatikanotik igortzen dituzten elizkizun eta ekitaldiak. Azken finean, bizi dugun egoera mundu osoari eragiten dio. Egun hauetan bakoitzak bere barruan bizi duguna, guztiekin banatzeko modu bat izan daiteke," aipatu du.
Horregatik, Lasarte-Oriako kristauek Aita Santuak Vatikanotik egingo dituen elizkizunekin bat egitea gomendatzen die. Youtubeko Vatican News_Español kanalean edo La2 edo TRECE kateetan jarraitu ahalko dute Vatikanoko Aste Santuko egitaraua.
Bihar, apirilak 9, Ostegun Santuko Afari Santua 18:00etan izango da. Ostiral Santuan, bi hitzordu izango dira: Pasioa, 18:00etan eta San Pedro basilikako atrioan egingo den Gurutze bidea, 21:00etan.
Larunbatean, Pazko bezperako elizkizuna egingo da, 21:00etan eta Pazko igandean, berriz, Jesusen berpizkundea gogoratuko da 11:00etatik aurrera eta ostean, Urbi et Orbi bedeinkapena eskainiko du Aita Santuak.
Era berean, elizkizunak egun hauetako espirituaz betetzeko modu bakarra ez direla aitortu du parrokoak. "Kristauok ohitura dugu elkartzera. Azken finean kristau elkarteetan elkarrekin egon eta sakramentuak bizitzea balio handia du. Ez gara espiritu hutsa eta besteekin egoteak laguntzen digu. Aurten, ordea, beste era batera bizi behar dugu eta gure barruan bizi eta guregan duguna landu ahalko dugu. Indarra beste modu batera eman behar dugu. Egoera guztiek dute alderdi ezkorra, baina baikorra ere bilatu behar da eta honek hausnartzeko tartea emango digu".
Eta egoera honek norberari buruz asko erakutsi ahal digula nabarmendu du parrokoak. "Egoera honek asko lagunduko digu. Denok ditugu beldurrak, kezkak... eta horiei buruz hausnartzeak eta horiei aurre egiteak geure burua nolakoa den erakutsiko digu. Beti dago ikasteko zerbait".
Horrez gain, bizi dugun egoera honi aurre egiteko besteenganako elkartasuna eta gure laguntza eskaintzea ona dela ere adierazi du. "Lehenengo laguntza etxean geratzea da. Gero etxean lagundu daiteke, gure etxean bizi direnei lagundu ahal zaie, bizilagunei... elkartasun modu asko dago".